Hala Bedi, 20 urtez aske

Hala Bedi, 20 urtez aske https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hala-bedi-20-urtez-aske/@@download/image/32p25-1.jpg
2003/07/04
erreportajea
Hala Bedi, 20 urtez aske
Hala Bedi, Gasteizko irrati libreak 20 urte beteko ditu abuztuan. Urte hauetan, Hala Bedi, irrati xumea izatetik, komunikazio proiektu sendo izatera igaro da. Gaur egun, irratiak 7.000 entzule ditu.

Hala Bedi Irratia 1983ko abuztuaren 5ean entzun zen lehen aldiz. Garai hartan, giza mugimenduak pil-pilean zeuden gurean: irrati libreak, gaztetxeak…Testuinguru horretan sortu zen Hala Bedi. "Adierazpen tresna gisa jaio zen irratia, hainbat giza talderen ekimenez. Gure kezkak kaleratu nahi genituen, eta irratia zabalik zegoen gure izaerarekin bat egiten zuten taldeei", esan digu Joseba Ullibarri bertako kideak.  

1992an, Hala Bedik komunikazio proiektu sendoa abiarazi zuen, betiko filosofiari muzin egin gabe. "Asmoa, hedapena zabaldu eta kalitatezko programazio egonkorra eskaintzea zen. Jendea eta dirua biltzeko bazkide kanpaina abiatu genuen.", dio Josebak.

Egun osoko programazioa
1992tik hona, irratiak bilakaera polita izan du. Egun, 24 orduko programazioa dute, %30 euskaraz. Gaurkotasunezko gaiak dira programazioaren ardatz, baina saioen artean bi gailentzen dira, zuzenekoak eta mamitsuak direlako: "Suelta la olla" eta "Bagazina" magazinak, azken hori euskarazkoa.

Hedapenari dagokionez, irratia Araban ez ezik, Sakanan eta Errioxako zenbait tokitan entzun daiteke. Guztira, 566 bazkide dituzte, tartean Gasteizko giza talde asko: Salaketa, Gehitu, Askapena… "Gure ekarpen nagusia talde guztiak elkartu izana da", dio Josebak.

Boluntarioen lan eskerga
Lan antolamenduari dagokionez, 150 bat lagun ari dira, boluntario gisa eta, langile liberatu bat dago. "Beharrezkoa zen funtzionamendurako, baina taldeen laguntza oso garrantzitsua da", dio Josebak. Bestalde, Arrosa irrati libreen gunearekin elkarlanean dihardute.

Etorkizunari begira, euskara hutsezko emisora abian jartzea da euren erronka, hori bai, Euskaldunon Egunkariaren itxierak kezka sortu die. "Lehendabizi, Egin eta oraingoan, Egunkaria. Hurrengoak gu izan gaitezke", dio Josebak. 

Urtemuga ospatzeko, abuztuan, jaietan, kontzertua antolatuko dute txosnetan Betagarri eta Potato taldeekin. Irailean, gainera, ez da ospakizunik faltako irratiaren tabernan.