Haizetara jaialdia Zornotzan

Haizetara jaialdia Zornotzan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haizetara-jaialdia-zornotzan/@@download/image/20116228704Haizetara02.jpg
2012/12/13
berria
Haizetara jaialdia Zornotzan
Udako festetan fanfarreak eta bandak izan ohi dira kaleko giroaren arima. Zaratatsuak, umoretsuak, nekaezinak… Talde hauen izenen kontaduria egiten hasita, ordea, ez zaizkigu bizpahiru baino etorriko burura. Izan ere ez da asko ezagutzen emanaldi bakoitzaren atzetik dagoen lana edo kalitateari dagokionean talde batetik bestera egon daitekeen diferentzia. Nazioarteko sariketak ere badaude alor honetan, garrantzitsuenetariko bat Zornotzakoa.  

Ekainaren 24an, 25ean eta 26an egingo dute jaialdia. VI. Edizioa du aurtengoa, baina herrian XX. mende hasieran ere egiten omen zen horrelakorik.

Izen handikoa da Zornotzakoa gisa honetako jaialdien artean. Sariak ere potoloak dira: sari nagusia 10.000 euro, publikoarena 4.000 euro, eta tresna-jole onenarentzat 1.000 euro. Hogeita hamar taldek eman dute izena, eta hauen artean zortzi izan dira hautatuak lehiaketarako: Galiziako A magnifique bande dos homes sem medo, Italiako Pink Puffers eta Zastava Orkestar, Hungriako Vodku Band, Alemaniako Beat'N Blow, Portugalgo Cottas Club Brass Band, Frantziako Funky Style Brass eta etxean jokatzen duten The Hot Wok gasteiztarrak.

Girorik ez da faltako, bada, datorren asteburuan Zornotzan. Rock&rolla, jazza, musika italiarra, funka, dancea… Haizeak, perkusioak, samplerrak… Zortzi talde hauek kalean gora eta kalean behera. Baina egitaraua osatzeko bestelako osagai batzuk ere gehitu nahi izan dituzte antolatzaileek. Honela, bertako produktuetan espezializaturiko txosna jarriko dute Gernika plazan; bertako sagardoekin hornituriko sagardotegia Zelaieta parkean, eta Alemaniako ekarririkoekin garagardotegia Zubiondo plazan. Jose Hornaren 'Bits of Jazz' argazki erakusketa ere egongo da  ikusgai Zelaieta Zentroan, eta formatu txikiko kontzertuak herriko hainbat tabernatan.