'Haize-lekuak' (Amaia Telleria): Historian oharkabean pasatzen direnen mundua

'Haize-lekuak' (Amaia Telleria): Historian oharkabean pasatzen direnen mundua Amaia Telleria idiazabaldarrak 'Haize-lekuak' izeneko bere lehen eleberria argitarau berri du. 36ko gerran eta haren ondorioetan oinarritu du bere lehen eleberria, baina muinean bere amonaren umetako oroitzapenak dituen kontakizun bat osatu du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haize-lekuak-amaia-telleria-historian-oharkabean-pasatzen-direnen-mundua/@@download/image/ba9f83eb-682f-44f6-8f9f-1035b1cb28ea-1024x840.jpeg
2020/06/17

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Amaia Telleria idiazabaldarrak 'Haize-lekuak' izeneko bere lehen eleberria argitarau berri du. 36ko gerran eta haren ondorioetan oinarritu du bere lehen eleberria, baina muinean bere amonaren umetako oroitzapenak dituen kontakizun bat osatu du.
'Haize-lekuak' (Amaia Telleria): Historian oharkabean pasatzen direnen mundua
(argazkia: Alberdania)
Idazle gaztea den arren, dagoeneko hainbat sari jaso ditu narrazio laburraren alorrean. Bere ibilbidean lehen aldiz egin du eleberrirako jauzia, eta muinean bere amonaren umetako oroitzapenak dituen kontakizun bat ondu duela aipatu du. “Eleberria arrazoi askorengatik berezia dela” ere azaldu Jorge Giménez Bech Alberdania argitaletxeko editoreak. Protagonista nagusiaren heziketa sentimentalaren berri ematen du eleberriak, baina hamahiru urteko neskato baserritarrak ez du bakarrik bizimodu berri bat ikusi eta ikasiko, aro berri baten hastapenetan lekuko izatea ere tokatuko zaio Gerra Zibilaren garaiko Altsasu hartan: «Mikela gazteak, nerabezarora sartzearen atarian, baserriko familia eta lana izan ditu unibertso bakar. Aita umetan galdu zuen, eta, hortik aurrera, maldan gorago jarritako bizimodu berez malkartsuan aurrera egitea egokituko zaio, unean uneko eta tokian tokiko haizeteari aurre eginez, haize-leku bakoitzari egokituz».

Deskribapena

Mikelak supituki utzi beharko du atzean baserriko haurtzaroa, ama alargunak Altsasun entregatzen duen unean. Han, gerra zibilaren itzal eta ilinti bizi-bizien artean, neskame arituko da hamahiru urte apenas dituen neskatoa. Hala egin dute bere aurretik ahizpa zaharrek, hala egingo du berak ere, txandan-txandan etxeko mahaia arintzea tokatzen zaionean, eta, bide batez, akaso gerora baliagarria izango zaion ofizioan trebatzea helburu.

Reparaztarren etxean ezagutuko du jende dirudunaren bizimodua, baina baita txanponaren ifrentzua ere. Ez baita giro galtzaileentzat.

Menderatu beharko du etxemina, oroitzapenak bridatuz eta bizimodu berrian bidaide egokituko zaizkionei tokia eginez bizitzaren aro berrira irekitzen hasi den bihotz nerabean.

Ikasiko du, haragi propioan, alferrik dela haize guztietatik babesean egoten saiatzea, noiznahi heldu daiteke-eta, auskaloko zirrikitutik, menderatu beharreko haize bolada ezezaguna. Beti erne, beti prest dagoena dela haizete bortitzen jostailu baldar izan nahi ez duenaren patua. Heziketa sentimental gogor bezain premiazkoa.