Haira Aizpuruak jantzi du, hirugarrenez, Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapela

Larunbatean jokatu zen 36. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, eta 250 bertsozale inguru elkartu ziren Arantzako pilotalekuan. Hamaika bertsolari aritu ziren kantuan: Arabako Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia; Nafarroa Behereko Nahia Etcheverry; Bizkaiko Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga; Gipuzkoako June Aiestaran eta Joanes Azpillaga; Lapurdiko Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua; eta Nafarroako Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga.
Egin beharreko ariketen ondoren, sei bertsolari sailkatu ziren bigarren zatira: Haira Aizpurua, Kattin Madariaga, Nahia Etcheverry, Unax Aizpurua, June Aiestaran eta Joanes Azpillaga. Azkenean, Haira Aizpuruak lortu zuen 2024ko Euskal herriko Eskolarteko txapela, eta Nahia Etcheverry izan zen txapeldunorde. Jose Luis Sukiak jantzi zion txapela Aizpuruari.
14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak. Bat-bateko txapelketaz gain, idatzizko txapelketa eta adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketak ere egiten dira.