Haira Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa
Iurretako pilotalekuan jokatu zen larunbatean 35. Euskal Herriko Eskolartekoaren finala, eta 180 lagun inguru bildu ziren bertan. Hamar bertsolari aritu ziren kantuan: Arabatik, Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi; Bizkaitik, Haizea Telleria eta Ixone Asategi; Gipuzkoatik, June Aiestaran eta Danel Etxeberria; Lapurditik, Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona; eta Nafarroatik, Kattin Madariaga eta Eki Mateorena.
Hainbat ariketaren ostean, sei bertsolari sailkatu ziren bigarren zatira: Danel Etxeberria, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Kattin Madariaga eta Maddi Agirre. Azkenik, Haira Aizpuruak lortu zuen 2023ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela, bigarrenez. Txapeldunorde, berriz, Eki Mateorena izendatu zuen epaimahaiak.

Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi zion txapela Aizpurua txapeldunari. Bertsozale Elkarteko lehendakari taldeko Xabi Igoak eman zion saria Mateorena txapeldunordenari. Gainerako parte-hartzaileek ere jaso zuten oroigarria.
Igor Meñika aritu zen aurkezle lanetan, eta Beñat Vidal gai-jartzaile. Epaimahaia Beñat Romerok, Aitor Jimenezek, Nerea Bruñok, Lur Renteriak eta Oihana Arangurenek osatu zuten.
