Hainbat emakume bakarlari izango dira Bilboko Musika jaialdian
Notak & Letrak izenburupean garai eta estilo artistiko desberdinetako konpositoreen eta idazleen arteko elkarrizketa aztertuko du programak martxoaren 3tik 5era bitarte. Musikan inspiratzen den literaturan, eta literaturan inspiratzen den musikari eskainitako edizioa izango da hogeita bigarrena. Beethoven, Liszt, Chaikovski, Purcell, Schubert, Schumann, Bizet, Strauss eta Marais konpositoreen lanen bitartez, eta Byron, Virgilio, Goethe, Ibsen, Ovidio, Cervantes, Shakespeare eta Tolstoi literaturagileen lanen bidez osatuko da egitaraua. Hiru egunetan 70 kontzertu baino gehiago izango dira.
Naroa Intxausti eta Ainhoa Zubillaga izango dira lehen egunean, Arriaga Antzokian, Félix Mendelssohnen El Sueño de una Noche de Verano antzezlanaren emanaldian. Bilboko Koru Elkarteko emakumezkoen abesbatzarekin eta Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) batera arituko dira, Erik Nielsen zuzendariaren gidaritzapean.
Egun berean, Euskalduna Jauregiko 0E Aretoan, Ruth González sopranoak, Jan Antem baritonoarekin eta Ensemble Galdósekin, El Teléfono obra antzeztuko du, María Goiricelayaren zuzendaritzapean. Antzezlana larunbatean ere ikusi ahal izango da, 13:30ean eta 20:30ean.
Larunbatean eta igandean beste hainbat profesional izango dira, besteak beste, Joanna Freszel sopranoa, Judith Jauregui pianojolea, Ana María Valderrama biolinista, Mariam Batsashvili piano-jotzailea, Naroa Intxausti sopranoak, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Itziar Barredo piano-jotzailea, Olatz Saitua sopranoa, Itxaso Sainz de la Maza piano-jotzailea, Irene Palazon sopranoa, eta Danielle Akta biolontxelo-jotzailea.
Zineari eskainitako saioak ere izango dira eta Patricia Sojo musikologoa eta Cesar Coca kazetaria arituko dira horietan.
