Hainbat arte adierazpidez osatutako erakusketa Gasteizen
Gasteizko Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan paratu dute Bost mas bost erakusketa. Belaunaldien arteko erakusketa kolektiboa da eta, bertan, zenbait arte diziplinatako emakume eta gizonek euren interesak eta sentsibilitateak batu dituzte. Ibilbide luzeko bost eskulturgilek hartu dute parte: Koldobika Jauregi, Víctor Arrizabalaga, Iñaki Olazabal, Mikel Lertxundi eta Iñigo Arregi. Emakumeen artean, berriz, hainbat arte diziplinetakoak elkartu dira: Nerea Moreno argazkilaria, Eva Mena grafitigilea, Maika Gomez eta Sara Gomez txalapartariak, eta Maite Sainz margolaria. Beraz, Fernando Martinez de Viñaspre komisarioaren erakusketa honetan denetariko artelanak aurki daitezke: eskulturak, erliebeak, argazkiak, grafitiak, musika, margonalak...
Erakusketako lan asko berariaz sortutakoak dira, gainera. Maika eta Sara Gomez txalapartariek pieza bat sortu dute propio, eta Eva Menak erakusketako partaide diren emakumeak erretratatu ditu bi grafititan. Nerea Morenok eskulturgileak erretratatu ditu euren lantokian, sortze lanean ari zirela. Maite Sainzek, berriz, proiektu honetarako margotutako lanak ditu erakusgai.

Eskulturgileek, berriz, euren obren aukeraketa egin dute erakusketarako. Eskultura modernoaren oinordekotzaren ordezkari dira bostak eta autodidaktak izan dira, arte zentroetako lantegi eta ikastaroetan landutakoarekin osatu duten arren euren formakuntza. Oteiza, Txillida eta Ibarrolaren eragin handia zuen eszenak sortu ziren artista hauek, baina distantzia kritikoa ere izan dute haiekiko, edota Mendiburu eta Basterretxearekiko, eta pixkanaka euren eskultura poetika propioa sortu dute.

Erakusketa martxoaren 30era arte egongo da zabalik; asteartetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, aldiz, arratsaldeko tarte horretaz gain, goizez ere irekita egongo da, 12:00etatik 14:00etara.


