Hainan, Txinako Karibea

Hainan, Txinako Karibea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hainan-txinako-karibea/@@download/image/txina_01_1385478020.jpg
2013/12/05
erreportajea
Testua eta argazkiak: Egoitz Gonzalez
Txinan bada klima tropikala, hondartza luzeak eta ur gardenak dituen irla bat. Hainan du izena, eta txinatarrentzako turismo gune indartsu izateko eraldatzen ari da azken urteetan.


Hainan, Txina hegoaldean kokaturik dagoen uharte bat da. 34.000 kilometro karratuko eremua du, 8.180.000 biztanle ditu eta 1988. urtean lortu zuen probintzia estatutua; Haikou izeneko hiria du hiriburu. Azken hamar urteetan asko urbanizatu dute uhartea, batez ere turismoari begira, eta hala, ohikoak dira  etxe orratzak edo luxuzko resortak, bereziki kostako inguruetan. Iraganean, legearekin arazoak zituzten txinatarrak irla honetara erbesteratuak izaten ziren. Orain, ordea, dirua eta jai egunak dituztenak Txina kontinentaletik ihes egin, eta uhartera hurbiltzen dira egun lasai batzuk pasatzeko eta ahal beste diru gastatzeko asmoarekin.

Hainanen Txinako Herri Errepublikak ofizialki onartuta dituen 56 minoria etnikoetako bi bizi dira, Miau eta Li etniak hain zuzen ere. Miau etniako kideak Vietnam eta Tailandian ere badira, euren hizkuntza propioa dute, baina idazkera guztiz galduta dago, eta eguneroko bizitzan txineraz hitz egiten dute. Li etniak gutxi gora-behera 1.300.000 kide ditu, eta gehienak Hainan irlan bizi dira. Hauek ere euren hizkuntza propioa dute, baina idazkerarik ez zutela-eta, 50eko hamarkada amaieran alfabeto latinoa baliatuta sortu zuten euren hizkuntza idatzia. Hala eta guztiz ere, gehien erabiltzen duten hizkuntza txinera da.

Hainan txinatarrentzako pixkanaka prestatzen ari diren Karibea dela esan genezake. Eta baita kanpokoentzako erakarpen turistikoa izango duen lekua ere. Hala nola, irlaren hegoaldean, Sanya hirian, dagoeneko errusiar turista asko aurki daitezke. Hala ere, egia da gaur-gaurkoz mendebaldeko turismoa ez dela paradisu horretara hurbiltzen. Dena dela, litekeena da urte gutxi barru bidaia agentziek Punta Cana, Riviera Maya edota horrelako lekuak eskaintzen dituztenean Sanya ere horien artean izatea. Klima tropikala dute, eta ondorioz, ekaina eta abuztua bitartean bidaiatzea ez da gomendagarria, baina udaberrian eta udazkenean joateko leku paregabea da.

Orokorrean, txinatarrentzat mendebaldeko pertsonak oso erakargarriak izaten gara, eta Hainan ez da salbuespena. Kaletik buelta bat ematen ari zaren bitartean, jendea zuri begira geratzen dela nabaritu dezakezu. Batzuek "Hello" esaten dizute, beste batzuek "Good morning", eta ausartenek zurekin argazki bat ateratzeko baimena ere eskatzen dizute, zinemako izar bat bazina bezala. Hasiera batean egoera barregarri eta bitxia suertatu daiteke, baina denbora pasa ahala astuna egitera iritsi daiteke.

Horretaz gain, irlako biztanleekin behar bezala komunikatzea ez da batere erraza. Ingelesez dakien oso jende gutxi dago, eta dakitenen maila oso eskasa da. Beraz, txinera menperatzen ez baldin baduzu behintzat, zailtasunak izan ditzakezu. Adibidez, jatetxe batean zerbait eskatzeko kartak argazkiak izatea nahitaezkoa da. Eta irlan mugitzeko trena, autobusa edo taxia hartzea abentura luze eta neketsua bihurtzen da egunero. Hainanera bidaiatzekotan, beraz, sartu maletan pazientzia kilo batzuk.

Irlan hainbat hiri eta leku eder aurkitu daitezke. Horien artean garrantzitsuneak Haikou, Wenchang eta Sanya dira. Bakoitzak bere xarma eta berezitasunak ditu. Ondoko lerroetan, hiru eremu horiei buruzko xehetasunak azalduko ditugu:

Haikou
Irlaren iparraldean dagoen 2.000.000 biztanledun hiriburua da. Txinako hiriburuetako bat izateko ez da jende askorik bizi, oso lasaia da. Turismoari dagokionez, ez du gauza erakargarri askorik; aspergarria da, eta bi egunetan ikusi beharreko guztia ikusi daiteke. Hala ere, irlan egun asko egoteko asmoa izanez gero, hiriburua ezagutzeak beti borobiltzen du bidaia. Hiriaren erdigunean, Txinako hiri askotan bezala, teknologia merkatua dago. Marka ezberdinen denda ofizialak zein produktu ezagunen kopiak saltzen dituzten dendak aurkitu daitezke bertan.

Alde zaharrean badira gauza interesgarriak, adibidez, suge eta dortoka saltokiak. Animaliak bizirik saltzen dituzte, baina ez maskota gisa edukitzeko, etxean sukaldatu eta jateko baizik. Animalia azoka izaten den kale estuetan ibiltzea ez da erraza, usain oso desatsegina izaten delako, eta haiek garbitasunaz duten ideia eta guk duguna erabat ezberdinak direlako. Dena dela, gutxienez behin bisitatu beharreko lekua da zalantzarik gabe. Erdigunetik kilometro batzutara, Haikouko hondartza dago. Arratsaldea pasa eta bertan afaltzeko ez dago gaizki. Hondartza politak nahi dituenak baina, hegoalderantz egin beharko du.

Wenchang
Wenchang herriak kostalde polita dauka. Kokondo ugari aurki daitezke bertan, eta hondartzan ordu lasai batzuk pasa ondoren ibilaldi luze eta erlaxagarri bat egiteko leku egokia da. Horrelako lekuetan normala izaten denez, kostaldean resort batzuk aurkitu daitezke, eta gehiago dira bidean, izan ere, kostalde gehiena obretan dago gaur egun.

Herrian ez dago egiteko handirik, baina afaldu eta bazkaltzeko leku merkeak erraz aurki daitezke. Gainera, goizetik gauera bertakoak kokoak saltzen egoten dira hondartza ondoan. Karibean bazina bezala, terraza batean eseri eta itsasora begira fruitu tropikal hori dastatzeko aukera ona da.

Sanya
Irlako lekurik turistikoena eta politena da. Hainanen egun gutxi pasa behar dituztenentzat gomendagarria da zuzenean Sanyara joatea. Aireportua dauka, beraz, bertara iristeko garraiobiderik erosoena hegazkina da. Txinatarrentzako oporlekurik ohikoenetakoa da, baita gero eta errusiar gehiagorena ere. Badia ederrak ditu, eguzkia hartu eta hondartza ondoko tabernetan afaltzeko aproposak direnak, eta uretako kirolak praktikatzeko eskaintza ere zabala da.

Erdigunetik gutxi gorabehera 40 kilometro mendebaldera Nanshan tenplua dago. Turismoa erakartzeko prestatuta dago, baina zinez ederra da, eta gainera, Txinan inoiz eraikitako handiena da. Budismoa Txinan sartu zela 2000. urteurrena ospatzeko eraiki zuten. Bertara lineako autobusean iritsi daiteke, oso ondo komunikatuta baitago. Nanshan tenplua bera baino are ikusgarriagoa da 135 metroko garaiera duen estatua budista. Guan Yin Buddha du izena, eta munduko laugarren estatuarik garaiena da. Itsaso urdin eta harea zurizko hondartzaz inguratuta, paregabeko lekuan dago.

Azkenik, aipatzekoak dira beste bi bisita ere. Alde batetik, Binglanggu inguruan dagoen Li & Miao Minority Culture Park delakora joatea gomendagarria da Li eta Miao etnien kultura hobeto ezagutzeko. Ez da berezko herri bat, turistentzako prestatutako gune bat baizik, baina euren ohiturak ezagutzeko aukera ona izan daiteke. Bestetik, tximinoz beteta dagoen Monkey Island ere ikusteko moduko lekua da. Hau ere turistentzat beren beregi eginda dago, eta ikuskizun bereziak eskaintzen dituzte.