Habana: ikasle desfilea

Habana: ikasle desfilea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/habana-ikasle-desfilea/@@download/image/5p33-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Asier Perez de Carcamo
Habana: ikasle desfilea


Kaixo lagunak. Stop.
Iritsi gara Habanara. Stop.
Eta baita bertako jendearekin maitemindu ere. Jende gehienarekin, behintzat, turistengana hurbiltzen den putrerik ere aurki daiteke eta. Gu, ordea, kubatarren artean murgildu gara eta bertokoak garela sinetsiarazi diegu beraiei. Stop.
Hiriburuko ikasleek antolatu ekitaldi politiko batean egon gara Malekoian bertan dagoen Jose Martiren Iraultzaren Tribunan. A, ze jendetza! Stop.
Ehun milatik gora ikasle, bakoitza bere uniformearekin, zein baino zein xelebreagoa. Inoiz ez dut hainbeste kolore nahasturik ikusi, azalekoarekin hasi eta gainean dituzten jantziekin jarraituz. Han ziren milaka haur, beren praka motz eta minigona moreekin, alkandora zuriekin eta zapi urdinak lepotik. "Que lindos" Kozkorragoak ere ez ziren falta, mostaza koloreko praka luze eta minigonak jantzita. Stop.
Bata zuriekin, medikuntzako ikasleak; ezin zuriago itsas-armadakoak, dotore-dotore; uniforme urdin argi-ilunak soinean soziologiakoak; berde ilunez autobusetako paradak zaintzen dituztenak, berdez ere errepidetako zaindariak; berdez eta gorriz armadako kadeteak; morez polizia bereziko gazteak. Stop.
Kolorerik gabeko mundua mundu bukatua dela dio kantu batek. Kuban, behintzat, luzerako mundua dute. Stop.