'Gutik Zura' dokumentala emango dute bihar Iruñean
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatuta, Kondestable jauregiak Gutik Zura dokumentala hartuko du bihar, hilak 8, 19:30ean. Mari Jose Barriola leitzarrak bultzatutako eta 2016an estreinatutako dokumentala da, Jon Maiak zuzendua, eta bien artean idatzitakoa.
Hauxe da dokumentalaren sinopsia: "Euskal Herriaren idiosinkrasian basoa eta zurezko zimenduak daude. Dokumental honetan aintzinatetik etorkizunerako bidaia egingo dugu lur hontako gizakiaren eta zuraren arteko harremana azalduz. Horretarako pertsonaia hautatuen bizi-esperientzia pertsonala eta mundu mailako adituen txori-, begirada erabiliko ditugu, historia eta istorio konbinaketa poliedriko baten bidez lehengo, oraingo eta etorkizuneko basoen eta zuraren gako nagusiak azalduz".
Mari Jose Barriolak Nekazal Ingenieritza ikasketak egin zituen Iruñean eta gaur egun TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza aplikaturako Zentroan, Biozientzia eta Garapen Jasangarri saileko arduraduna da. Beste batzuen artean, WOODNIKA proiektuaren koordinatzaile izan da, egurrari aplikatutako berrikuntza proiektuak garatuz: “Gure gizartean, material sintetikoak hedatu dira eta arrotzak zaizkigu iraganean basoarekiko eta horren zurarekiko zuten menpekotasuna. Gaur egun dauzkagun baliabide eta teknologiarekin txertatuz, zuraren ikerkuntza, innobazioa eta tradizioaren berreskuraketa dira gure helburuak. Honela, zuraren erabileran eta produkzioan, baita haren balio-kateko puntu guztien arloko prestakuntzan ere, epe ertain eta luzeari begira, zuraren industriak hobera egiteko lan egiten dugu”, azaldu du.


