'Guridi: Magical Bidaia' familientzako ikuskizuna estreinatuko dute Arriaga Antzokian
Arriaga Antzokiak Pako Revueltasek zuzendutako Guridi: Magical Bidaia estreinatuko du asteburuan, sei urtetik gorako umeak dituzten familiei zuzendutako ikuskizuna. Hainbat elementu konbinatzen dira: antzerkia, zuzeneko musika, dantzariak eta efektu magikoak.
Enpatiari buruz gogoeta egitera gonbidatzen duen ikuskizuna da. Protagonista nagusia Salva da, 12 urteko mutila. Izar bat da bideojokoetan, eta epizentroa izatera eta pertsonaia guztiek bere nahien arabera jokatzera ohituta dago, eta bizitza erreala ere halakoxea dela uste du, pertsonak bere zerbitzura daudela eta mundua berak nahi duena egin dezan existitzen dela. Beraz, ez daki enpatia zer den. Bizitzak emanaldi oso entretenigarri baten bidez irakatsiko dio. Road movie emozional baten estiloan, pertsonaia nagusiak askotariko egoerak biziko ditu, eta ikasiko duena baliagarria izango zaio bidean aurrera egiteko. Pertsonaia magiko ugari agertuko dira bere ibilbidean: lainoak, tximeleta-zaparrada, haur-abesbatza daraman taxia, eta gure barnean benetan nahi dugun hori izateko eta egiteko erabaki irmoa.

Bestetik, Jesus Guridiren musika ere entzun ahal izango da, Bilboko Koral Elkarteko Haurren Koruko 50 haurrek zuzenean abesten dutena, Jose Luis Ormazabalen zuzendaritzapean eta Alberto Sáez Puenteren akonpainamenduarekin. Carlos Imazek egin ditu ikuskizunerako musika-moldaketak eta pieza batzuk eta soinu-pasarte batzuk ere konposatu ditu. Horretaz gain, Jon Zabalek egindako efektu magikoak daude, eta une jakin batean tango dantza berezi bat ere izango da, Christina Gomez eta Borja Alcalde dantzariekin.

Angel Mirouk eta Pako Revueltasek sortu dute dramaturgia eta lehenak idatzi du testua. Idoia Barcelók ekarri du euskarara, eta honako aktore hauek izango dira oholtzan: Gaizka Chamizo, Eneritz Artetxe, Na Gomes, Juanjo Otero eta Karmele Matuzola.
Estreinaldia datorren asteburuan izango da, larunbatean eta igandean. Egun horietan bina emanaldi eskainiko dira, 17:00etan eta 19:30ean. Ikuskizunak azpitituluak ditu.
