Gure zilborretik haratago

Gure zilborretik haratago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gure-zilborretik-haratago/@@download/image/2010633291madda_1362427858.jpg
2010/04/02
erreportajea
Maddalen Arzallus


Noizean behin “Zein txikia den mundua!” esaten badugu ere, badakigu ikaragarri zabala dela. Baina guztiz oker gaude; mundua, guk dakiguna baino askoz ere zabalagoa eta aberatsagoa da.

Hara zein berekoia den gizakia, kostata onartu baikenuen ez dela eguzkia Lurraren inguruan biraka ari dena. Baina oraindik ere, norberak norbere herria Lurraren erdigunean irudikatzen du, eta hori ezinezkoa da. Hori hala izango balitz, munduak 6 miliar eta 800 milioi erdigune baino gehiago beharko lituzke, edo agian bat bera ere ez.

Ezagutzen dut etxeko komunaren parean Euskal Herriko mapa zintzilik daukan bat, eta oso ideia ona iruditzen zait, munduko onena dela esatea gehiegi litzatekeelako. Gu bizi garen herria txikia izanagatik ere, ez dut uste inork osorik ezagutzen duenik. Nork daki hiru Azkarate eta bi Orio daudenik? Bai, gauza asko dauzka Euskal Herriak kantauri itsasoan hasi, Pirinioetatik pasa eta Bardeetako basamorturaino. Pentsa, bi ipar eta bi hego ere badauzkagu, eta horren herri txikia izateko gehiegi iruditzen zaizkit.

Baina horrek guztiak ez du esan nahi munduaren erdigunean gaudenik, eskolan erakusten diguten munduko atlasean hala badirudi ere. Hemen ez daukagu platanondorik edo sekuoiarik, eta Aloe Vera ere ez da jaiotzez euskal herritarra. Hemengo tximinoak aspaldi bihurtu ziren gizaki, 415 metroko dorrerik ez dugu sekula eraiki eta ezta erromatarren zubirik ere.

Horrekin ez dut esan nahi atzeratuak garenik, kanpora begiratuz gero gauza berri asko ezagutu litezkeela baizik. Hemen dugun guztia ona ez den bezala, kanpoan ikusi eta ikasi genezakeen dena ere ezin da txarra izan. Eta lehen esan dudan bezala, mundua guk uste duguna baino askoz ere zabalagoa eta aberatsagoa da. Aurreiritziak eta usteak baditugu, baina gehienetan ez gara gure irudikapenetatik batere mugitzen. Zenbat aldiz hitz egin ote dugu estatu kapitalista handien aurka, gure buruari harrika ari garela konturatu gabe... ez dugu ahaztu behar denean denetik dagoela, baita gure artean ere.

Gehiegi begiratzen diogu gure zilborrari; edo agian, gutxiegi.