Gure irratia, leihoaren bestaldera begira

Gure irratia, leihoaren bestaldera begira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gure-irratia-leihoaren-bestaldera-begira/@@download/image/28p13-1.jpg
2003/03/07
erreportajea
Ainhoa Irazu
Segabathor eta Bat gehio taldeek irabazi dute Baionako Gure Irratiaren Gazte Leiho maketa lehiaketa. Martxoaren 22an, taldeok kontzertua eskainiko dute Senperen. 

Urtarrila amaieran jakinarazi zituzten Gure Irratiko kideek III. Gazte Leiho lehiaketako irabazleen izenak: Segabathor eta Bat gehio. Guztira, 33 talde aurkeztu dira aurtengo deialdira: Gipuzkoako 14, Bizkaiko 8, Nafarroako 4, Lapurdiko 4 eta Nafarroa Behereko eta Arabako bana. Euskal Herritik kanpoko talde batek ere parte hartu du, saria lortu duen Bartzelonako Bat gehio-k, alegia.

Lehiaketa duela hiru urte antolatu zen lehen aldiz, eta orduz geroztik, parte hartzaileen kopuruak gora egin du. Lehendabiziko urtean 22 talde aritu ziren, iaz 26, eta aurten, 33. "Programatzaileek eta komunikabideek ez diete talde berriei erreparatzen. Guk, aldiz, haien alde egiten dugu apustu. Irabazleek disko bana grabatuko dute Agorila disketxearekin", esan digu Agus Herran Gure Irratiko kideak.

Segabathor eta Bat gehio
Segabathor Azpeitiko boskotea da heavy-rock ataleko aurtengo irabazlea. Antolatzaileentzat talde ezaguna da, hirugarren tokia lortu baitzuen lehen lehiaketan. Oraingoan, "Fugite" izeneko maketarekin, Gure Irratiko entzuleak maitemindu dituzte. Izan ere, entzuleek aukeratzen dute irabazlea, eta aurten jasotako 8.645 botoetatik 2.236 Urolako rockeroentzat izan dira. Taldekideen hitzetan, "hard rock eta heavy melodikotik gertu gaude; dena den, adituen esku uzten ditugu definizioak".  

Urrunagotik iritsi zaie Gure Irratiko kideei beste irabazleen maketa: Bartzelonatik. Bat gehio boskotea Bartzelonan bizi da, baina hiru kide euskaldunak dira. "Bartzelonan bizi gara, eta taberna berean lanean ari ginela, talde bat osatzea otu zitzaigun", dio Enekok. Iaz "Bihar agian" maketa karrikaratu zuten, eta lan horrekin lortu dute aurten saria. "Rumba, rocka eta folka nahasten ditugu. Musika dantzagarria egiten dugu", dio Eneko taldekideak.