Gure etxeko alfonbra

Gure etxeko alfonbra https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gure-etxeko-alfonbra/@@download/image/36p53-1.jpg
2003/12/05
erreportajea
Amagoia Iban
Gure etxeko alfonbra


Azkenaldian, gero eta garbiago dut hainbat telesailetan entzuten diren barre enlatatuak saio informatiboetan jarriko balituzte, ez ginatekeela hainbeste haserretuko. Prestige petroliontzia pitzatu zela urtebete pasatu denean, zenbait telebista kate publikotan ikusitakoa erlatibizatzea, esaterako, errazago genuke. 

TVE izan zen lehena Prestige auziaren urtebeteko errepasoa egiten. Mahai ingurua antolatu zuen horretarako, eta Galiziak inoren laguntzarik ez duela behar esaten ikusi genuen bat —Prestige-ren isuriaren ondorioekin galiziarrek soilik kezkatu beharko balute bezala—. Madrilgo dirulaguntza mundialak eskertu zituen pertsonak berak, jarraian. Beste batzuek, Nunca Mais plataformari politikeria hutsa egitea leporatu eta ezeren errudun ez omen den PPren erabakiak goratzen jardun zuten. Jarraian, erreportaia berezi bat eman zuten. Bolondresen lan eskerga desagerrarazi eta Espainiako Armadaren eskuzabaltasuna goratu zuten bertan. Dena ongi doala, alegia, eta duela urtebete baino garbiago daudela kaltetutako hondartza guztiak. Eta gure etxeko egongelako alfonbra fenomeno paranormala da, azken bederatzi hilabeteetan dituen galipot orbanak aspiradorak xurgatzen ez dituen bakarrak baitira, nonbait. Kostaldea eta itsas hondoak ere garbitu badituzte, izan ere, nola ez da gure etxeko alfonbra garbitu ahal izango?

Jarrai dezagun, baina, beste telebista publiko batekin, Euskal Telebistak ere ederki garbitu baitu Eusko Jaurlaritzaren aurpegia, ETB2n urteurren erreportajea eskainiz. Madrilgo Otsoa Gasteizko Usoarekin alderatuz, euskal kostaldearen egoerari buruz ere jasan ditugun datu eta erabaki kontraesankor guztiak ezerezean utzi zituzten. Gainontzean, ongi. Gure etxeko alfonbrak, hori bai, zikin jarraitzen du.