Gure dantzari gazteak

Gure dantzari gazteak https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2005/04/01
elkarrizketa


1) Noiz hasi zinen dantza munduan? Zein talde eta dantza estilotan aritu zara?
2) Koreografia bat prestatzerakoan, zein da abiapuntua?
3) Dantza estiloen arteko nahasketa dela-eta, bide handia al dago oraindik esploratzeko?
4) Euskal Herritik joan beharra al dago dantzan profesionalizatzeko?
5) Dantzarik gustukuena.
6) Koreografia gustukuena.

Naiara Mendioroz, Iruñea



1- 11 urterekin dantza modernoa egiten hasi nintzen, eta handik gutxira, balleta eta dantza garaikideari heldu nien. Nafarroako Dantza Eskola Ofizialean dantza klasikoa ikasi ondoren, Amsterdamen hiru urte eman nituen. Ordutik hona, dantza garaikideko hainbat artistekin lan egin dut: Keren Levi (Amsterdam), Frey Faust (Frantzia), Peter Greenaway-ren opera (Amsterdam)… Gaur egun, Mette Ingvartsen-ekin ari naiz (Brusela).

2- Koreografia bat estudioan lantzen hasi baino lehen, landu beharreko kontzeptuen analisia eta ikerketa egiten dut, eta nire kasuan, ideia horiek liburuetatik, bizipenetatik, filmeetatik, koadroetatik… etortzen dira. Oro har, zerbait deszifratzea edo zerbaiti nortasuna ematea atsegin dut. Liluragarria iruditzen zait ideia bat gorputzaren bitartez gauzatzea, burutazio bati itxura eta espresioa ematea.

3- Estiloen arteko elkarrizketa ez dago agortuta. Nire ustez, gaur egun, nahasketa hori deseraikitze moduko bat da. Dakiguna deseraikitzeko eta sinplifikatzeko joera dagoela uste dut, bakoitzak nahi duen horretara gerturatzeko. Egileak dauden bitartean, berrikuntzak egongo dira beti.

4- Zer da profesionalizatzea? Horretaz bizitzea bada –eta ez irakasle gisa-, egoera oso gaizki dago Euskal Herrian.

5- Oraintsu, dantzari espainiar baten "Paz roja" koreografia ikusi dut Amsterdamen. Gauza berri asko erakutsi zizkidan.

Iragartze Garai, Bilbo



1- 11 urterekin dantza klasikoa egiten hasi nintzen, eta ordutik hona, klasikoa, garaikidea eta jazza egin ditut.

2- Gidoi on bat da koreografia baten abiapuntua. Ideia bat izan duzu, eta hori mugimenduetan ipini behar duzu, ideia hori publikoari iritsiko ote zaion kontuan hartuta.

3- Beti daude bide berriak esploratzeko, nahiz eta gauza asko jadanik eginda dauden. Koreografoaren irudimenak eta sormenak zeresan handia dute horretan.

4- Bai; Euskal Herrian ez dago dantzarekiko interes handirik, eta oso zaila da honetatik bizitzea. Horretarako, atzerrira jo behar da normalean.

5- Batez ere, dantza klasikoa eta jazza. Dantza garaikidea ere asko gustatzen zait.

6-
Koreografia gustukuenak? "Don Quijote" eta "Vogue". Nire ustez, koreografia bikainenak jendearen inkontzientean geratzen diren horiek dira, Las Ketchup-en "Aserejé" eta "Pajaritos por Aquí", adibidez.

Igor Calonge, Donostia



1- Hogei urterekin edo hasi nintzen. Betidanik gustatu zait dantza, eta azkenean, Iñaki Landaren eskolan eman nuen izena. Hasieran dantza klasikoa egin nuen, baina betidanik, gaur egungo dantza da gehien gustatu zaidana. Tempomobile, Hojarasca, Danza Teatro, Cía, eta Fernando Hurtadoren konpainian aritu naiz, besteak beste.

2- Hasieran ideia asko izaten dituzu, baina azkenean, ideia horietatik bat edo bi garatzen dituzu. Askotan, neke eta ahalegin handia behar da espero duzun emaitza lortzeko.

3- Dena ez dago eginda: gertatzen dena da gutxi arriskatzen dela lanak ondo ulertzeko.

4- Nahiz eta Euskal Herrian dantza eskola onak izan, kanpora joan behar duzu aukera gehiago eduki eta lana segidan lortzeko. Euskal Herrian dantzatik bizitzea nahi nuke.

5- Gaur egungo dantza, eta dantza berria.

6- Daniel Abreu-ren:"A cal".

Atxarte Lopez de muniain, Bilbo



1- Erdi kasualitatez hasi nintzen dantza klasikoan, eta gero dantza garaikideari heldu nion. Hainbat estilo landu ditut. Lexuri Gallastegirekin aritu naiz, Orroe dantza taldean. Azken hiru urteotan, nire lana egiten saiatzen ari naiz.

2- Abiapuntuak eta prozesuak oso pertsonalak dira. Ideia zehatz bat izaten dut buruan, eta horren gainean inprobisatzen hasten naiz... lan bakoitzak bere prozesua izaten du.

3- Ez dakit dena eginda dagoen, baina niretzako, erronka norberaren hizkuntza propioa bilatzea da, eta hor, nahi dituzun tresnak erabili ditzakezu nahi duzuna adierazteko. Hor beti dago esploratzeko lekua.

4- Profesionalizatzea zaila da edozein tokitan, baina egia da kanpoan aukera gehiago dagoela, bai hezkuntzan eta baita maila profesionalean ere. Euskal Herriak behar bezalako azpiegitura behar du, dagoeneko hor dauden proiektu eta sortzaile interesgarriak behar bezala finkatzeko.

5- Norberari, eta norbere gorputzari, askatasunez mugitzeko eta adierazteko gaitasuna ematen dion edozein. Niri, estilo guztiek erakutsi didate zerbait.

6- Charles Linehan-en "The Grand Junction" , Pina Bausch-en "Palermo palermo"... ikusi ditudan azkenetarikoak direlako.

Onintza Odriozola, Donostia



1- Ikastolan hasi nintzen. Sei urtetik hamalau urte bitartean, bertan ibili nintzen euskal dantzak egiten. Ondoren, Donostiako Kresala taldean urtebete egin nuen, eta beste bost urte Eskola taldean. Azken lau urteak Aukeran-en egin ditut: bertan, euskal dantzetan oinarritutako koreografiak egiten ditugu, dantza garaikidearen kutsuaz.

2- Ez naiz koreografoa, baina esango nuke, koreografia bat prestatzerakoan, abiapuntua gai bat edo istorio bat dela. Gero istorio hori dantzaren bidez nola antzeztu pentsatu behar duzu, zenbat dantzarirekin, zein pausorekin...

3-
Hastapenetan gaude. Urte gutxi dira euskal dantzak beste estilo batzuekin nahasten hasi zirenetik, eta esparru asko daude lantzeko. Iritzi kontrajarriak daude horren inguruan. Ni ez naiz nahasketen kontrakoa, baina uste dut, berrikuntzak egiteko, euskal dantzak ahalik eta gehien ikertu behar direla.

4-
Badira dantza erakustetik eta dantza taldearekin emanaldiak egitetik bizi direnak, baina gutxi dira. Ballet-ean edo dantza garaikidean profesionalizatu nahi izan duen dantzari askok, atzerriko konpainietara jo behar izan du. Euskal Herrian Biarritzeko Balleta da konpainia profesional bakarra edo bakarrenetakoa. Dantza indartu egin beharko litzateke, eta Euskal Herriko Dantza Konpainia Nazionala osatu.

5-
Zaila da bakarra esatea: Fandangoa eta arin-arina asko gustatzen zaizkit, adibidez.

6- Aukeran taldeko Edu Muruamendiarazen Akilimarro (Akelarrean oinarritutako koreografia), eta Lamiena oso gustuko ditut. Eskolan nenbilenean, Josetxo Fuentesen Eusko Irudiak eta Zaraitzuko dantzen moldaketa asko gustatzen zitzaizkidan.