Gure biriketan barrena

Gure biriketan barrena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gure-biriketan-barrena/@@download/image/70p50_1364249068.jpg
2007/01/05
erreportajea
Orkatz Goenaga
Gure biriketan barrena
Basajaunak eta basandereak, jentilak, galtzagorriak... euskal mitologia eta basoa estu lotuta daude; izan ere, mendiak esanahi mitikoa izan du gurean, bai tontorrek, bai tontor inguruek. Euskal Herriko sei baso aukeratu ditugu, bizirik iritsi zaizkigun izpi txiki eta eder horiek ezagutu ditzazuen.

Hainbat baso mota ditugu Euskal herrian, eta baso mota bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Zuhaitzez gain, beste osagai asko ditu basoak: zuhaixkez eta sastrakez osatutako baso-azpia, eta harkaitzez eta kobazuloz betetako lurra, adibidez. Hona hemen, bisita merezi duten Euskal Herriko basoetako batzuk.

BIZKAIA

Urkiolako Parke Naturalera abiatuko gara, Dima herrira. Urkiolako baso-mota ospetsuena pago motza den arren, artadia aukeratu dugu zuei erakusteko. Artadi itxi eta berezi honetan, gurbitza, astigar zuria, erramua eta hainbat zuhaixka aurkituko ditugu. Ikatza eta egurra lortzearren, artadi honetako enborrak lepotik mozteko joera izan dute ingurukoek oso aspalditik: basoan sartzerakoan, sentsazio itxi eta bitxia sorrarazten du horrek.

Dima herrian, Baltzolako kobetatik gora abiatuz, Leungane tontorrera iritsiko gara. Tontor horretatik iparralderantz, Mañaria herrirantz abiatu, eta bertako artadian sartuko gara. Kaskabeltzaren, okil berdearen, eta amilotx urdinaren txioak izango ditugu bidaia-lagun.

GIPUZKOA

Aiako Harria parke naturalaren barruan, PR-GI 20 ibilbidea jarraituz gero, harizti zahar eta eder batera iritsiko gara. Aritxulegiko mendatetik barrena, antzinako kontrabandisten bidea jarraitzen du ibilbide honek (PR-GI 20), eta kontrabandistek zeharkatzen zuten ur-kanala jarraituta, lehen kilometroan bertan topatuko dugu harizti eder hau.

Haritz-motz zaharrak topatuko ditugu baso honetan, garai batean, adarrak mozten baitzizkieten haritzei ikatza eta sutarako egurra lortzearren. Baso honeta 500 bat urte dituzten zuhaitzak ikusiko dituzue, eta baita bi metro inguruko diametroa duten enborrak ere. Bestalde, baso-azpia oso berezia da: mizpirondoak, basa-sagarrak, astigarrak... Europan desagertzeko zorian dauden hainbat animalien bizilekua da baso hau; kukulunbera, adibidez.

NAFARROA GARAIA

Nafarroa Garaian baso ugarik merezi dute aipamena. Hala ere, bat aukeratu beharrean, Euskal Herrian bakarra den basoa hartu dugu: paga-izeidia,  Iratiko oihaneko Lizardoiako erreserba integralean. Zorrotz babestutako eremua da Lizardoiakoa, eta hori dela eta, baimena beharko du-gu hara sartzeko. Euskal Herriko baso zaharrenetako bat da: 3 metroko diametroa duten izeiak eta pagoak topatuko dituzue, eta enbor horien magalean, aldiz, metro erdiko luzera eta mende bateko bizia duten pago-bonsai naturalak. Txango zoragarri honetan, okil hotsak izango ditugu bidaia-lagun.

LAPURDI

Lapurdin, kontrabandisten bide bat aukeratu dugu; Sarako harpeak eta Zugarramurdiko koba elkartzen dituen bidea, alegia. Basoan barrena, mikelete eta guardia zibilen begiradetatik gorde-gordeka ibilitakoen arrastoa antzemango dugu: kontrabandistak, mugalariak, gudariak… sorginen babesean eta inkisizioaren mehatxupean ibiliko gara, garai batean bezala.

Zugarramurdiko eta Sarako harpeen arteko bidean, Infernuko Erreka segituz, haritz baso-misto batetik barrena joango gara. Bidean, mugaz bi aldeetara, batez ere haritzez osaturiko basoak izango dugu. Haritz, pago, astigar, gurbitz, erramu eta abarren gerizpean ibiliko gara.

ZUBEROA ETA
NAFARROA BEHEREA
Errobi ibaia jarraituz helduko gara seigarren basora. Burdinkurutzeta mendatean jaio, eta Nafarroa Beherea igaro ostean, Baionan, Atturri ibaian, hiltzen da Errobi. Hala ere, alferrik joango gara Baionara baso hau ikustera, Donibane Garazira iristen delarik, basorik gabe geratzen baita Errobi.

Txango honetan, Euskal Herrian egoera tamalgarrian dagoen baso mota bat ezagutzeko parada izango dugu: ibar-basoa. Ibar-basoa ibaiertz guztietan beharko lukeen baso aberats eta ederra da. Baina tamalez, "ongizateak", garapenak eta handinahiak ia erabat desagerarazi du baso mota hau. Haltzak, sahatsak, astigarrak, lizarrak, pagoak eta haritzak ikusi ahal izango ditugu Errobi ibaiertzean. Lepahoria, azkonarra eta orkatza izango ditugu bidaia-lagun. Bestalde, Martin Arrantzalea ikusi ahal izango dugu inguruetan, eta baita lertxuna, lertxuntxoa eta ur-zozoa ere.

ARABA

Valderejoko parke naturalean, mosaiko itxurako baso aberatsa topatuko dugu. Izan ere, klima kantauriarraren eta mediterraneoarren arteko nahasketak, Euskal Herrian oso leku gutxitan topatu ahal dugun baso ederra sortu du. Hala, iparraldeko magaletan pagadia ikusi ahal izango duzue, eta hegoaldean, berriz, Euskal Herrian benetan urri den baso mota bat: artadi mediterraneoarra. Lalastra herritik Puron ibaiaren arroilara abiatuz gero, baso nahasketa honek sortutako puzzleaz gozatu ahal izango duzue.