Bi gaztek jasandako ziberjazarpen kasu harrigarria kontatzen duen dokumentala ikusi al duzu?

Bi gaztek jasandako ziberjazarpen kasu harrigarria kontatzen duen dokumentala ikusi al duzu? Netflixen lehen postua lortu du dokumentalak, eta istorioak zur eta lur utzi ditu zenbait ikusle. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bi-gaztek-jasandako-ziberjazarpen-kasu-harrigarria-kontatzen-duen-dokumentala-ikusi-al-duzu/@@download/image/Pantaila-argazkia 2025-09-08 134946.png
2025/09/09

Testua: Maitane Legarreta

Netflixen lehen postua lortu du dokumentalak, eta istorioak zur eta lur utzi ditu zenbait ikusle.
Bi gaztek jasandako ziberjazarpen kasu harrigarria kontatzen duen dokumentala ikusi al duzu?

Skye Borgmanek zuzendutako dokumentalak Estatu Batuetako Michiganeko bi neraberi gertatutako ziberjazarpenaren istorioa kontatzen du. Lauryn Licari eta bere mutil-laguna zen Owen McKenny mezuak jasotzen hasi ziren, 13 urte besterik ez zutela. Eta hasieran garrantzi handirik eman ez arren, azkenean amesgaizto bihurtu zen.

2020ko udazkenean zenbaki ezezagun batetik bidalitako talde-mezua jaso zuten bi gazteek. "Kaixo, Lauryn, Owenek harremana etengo du", idatzi zuten mezuetako batean. Beste mezu batzuek Owen beste batzuekin zebilela iradokitzen zuten: "Ez zaitu gustuko eta hala izan da aspalditxoan", eta "begi-bistakoa da ni nahi nauela". 

Hasieran ez zioten jaramonik egin, eta mezuak eten egin ziren. Urtebete geroago, berriz hasi ziren iristen, ordea, eta gero eta bortitzagoak ziren. Neskaren autoestimuan eta osasun mentalean eragin zezaketen mezu motak bidaltzen zituzten, eta "inork ez zuela maite" eta bere buruaz beste egiteko ere idazten zioten. Mehatxuak jaso zituzten eta baita mutilari zuzendutako proposamen esplizituak ere.  Mezuen maiztasuna ere handitu zen, eta egunean 40 edo 50 izaten zituzten mugikorrean. 

Polizia ikertzen hasi zen, eta familiek eta eskolako kideek kolaboratu egin behar izan zuten, mezuak bidaltzen zituena nor zen jakin ahal izateko. Arrastoen arabea, gertuko norbait zen. Harremana eten ere egin zuten gazteek, egoerari amaiera emateko asmoz, baina ez zen aldaketarik izan.

Telefono zenbakiak sortzen zituen aplikazio bat erabiltzen zuen jazarleak, eta horrek zaildu egin zuen poliziaren lana. Bien bitartean, eskolako langileak, lagunak eta ezagunak galdekatzen ari zen polizia. Tentsioa nabarmena zen nerabeen ingurukoengan, susmoa eta errezeloa sortu baitzen. 

Jazarpenak pare bat urte iraun zuen, eta dokumentalak protagonisten testigantzak jasotzen ditu. Jazarlea nor zen jakitera iritsi arteko gertaerak kontatzen ditu eta egilea nor zen jakindakoan izan ziren ondorioak. Izan ere, jazoera lazgarri honen sorpresa handienetako bat jazarlearen identitatea da. 

Ez dugu spoilerrik egingo, dokumentala ikusteko asmoa baduzu ere. Baina zer pentsatu ematen du eta osasun mentalaren garrantziaz gogoeta egiteko aukera ematen du.