Guraso gazteak: erdibitutako bizitzak

Guraso gazteak: erdibitutako bizitzak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/guraso-gazteak-erdibitutako-bizitzak/@@download/image/50p22-1.jpg
2005/03/04
erreportajea
Unai Brea
Guraso gazteak: erdibitutako bizitzak
Urtero ehunka neskato erditzen dira umeaz Euskal Herrian, gehienetan, gogoz kontrako haurdunaldien ondoren. Umeak edukitzen hasteko adina gero eta beranduago ezartzen duen gizarte honetan, guraso gazteek –amek, batez ere- badaukate aurrera egiteko zailtasunik. Hala ere, uste baino gaitasun handiagoa dute umeak hazteko.                           

Oraingoan, guraso gazteen gainean berba egin behar dugu. Hala ere, horretarako, "gazte" izatea zer den zehaztu beharko dugu. Umeak munduratzen hasteko adin egokitzat jotzen dena, aldatu egiten da herrialde, kultura eta garai historikoaren arabera. Euskal Herrian, esaterako, gauzak asko aldatu dira belaunaldi bakarraren buruan: duela 30 urte guraso bihurtzeko normaltzat jotzen zen edadea, txikiegia edo "gazteegia" ei da orain.

Zer gertatu da? Bada, gaztaroaren iraupena bera aldatu egin dela. Ikasketak amaitu, lanean hasi, gurasoen etxetik ospa egin… gaur egun, dena egiten da garai batean baino beranduago. Eta horrexegatik, ez dago umeez pentsatzerik, aldez aurretik pauso horiek ondo emanda eduki arte. Hau da, bizitzan egonkortasuna lortu arte. Jakina, antisorgailuen zabalkundeak ere asko lagundu du horretan. Orain, lehen baino errazagoa da umeak noiz eduki erabakitzea.

Egonkortasuna, kezka nagusi

Gaur egun, bizimodua ondo bermatuta izan arren –etxebizitza eta lanari dagokionez, behintzat- jende askok itxaron egiten du umeak ekarri baino lehen. Garai batean, bikotekideagaz ezkontzea eta umeak edukitzea, dena ziren bat. Orain, lehentasuna ematen zaie norberaren asmoei. Umeak geroago datoz. Hala, Hego Euskal Herrian, umeak edukitzen hasteko adin ohikoena 30-35 urte bitartean dago gaur egun.

Badaude, zer esanik ez, gazteago gurasotzen direnak; eta areago, gazteegi gurasotzen direnak ere. Baina, berriro diogu, "gazteegi" kontzeptu horren mugak gizarte bakoitzak ipintzen dituela. Gure kasuan, Euskal Herrian, ume bat hazteko ustezko ezintasunagaz lotuta daude muga horiek.

Eta ezintasunez ari garela, egonkortasuna ei da gakoa. Umeari gutxieneko baliabide materialak emateko gai ez den gurasoa, gazteegia da gizartearen aurrean. Eta berehala dator ekuazioa: egonkortasuna lortu ez duenak, ezin du heldutasun nahikorik eduki aita edo ama izateko. Lan eta etxe ederrak dauzkatenek euren heldutasuna azterketa batean frogatu izan balute bezala edo!

Ezustean etorritako seme-alabak

Hego Euskal Herrian, gutxi dira "gazteegitzat" jo dezakegun adinean umea daukatenak. Muga 22 urtetan ipintzen badugu (normalean, ikasketak amaitzen diren edadea delako, unibertsitatera joanez gero, behinik behin), portzentajeak nahiko txikiak dira. Muga 18 urtetan ezarriz gero, bataz bestekoak hutsaren hurrengoak ditugu.

Hala ere, egon badaude horrelako "guraso gazteak". Gehienek ez dute umea bilatu, baina gutxi batzuek bai. Gura barik haurdun geratu direnen artetik, gehiengoak umerik ez edukitzea aukeratzen du. Gainerakoek, guraso izatea erabakitzen dutenek, mota guztietako zailtasunei aurre egin behar diete.

Ez dago horren gaineko estatistikarik, baina aditu guztiak bat datoz: aita nerabeak ez dira gehiegi "bustitzen". Gogoz kontrako haurdunaldi gehienen ondotik, bikotekiderik gabeko amak egoten dira. Ana Irene del Valle soziologoak dioskunez, "gainera, gaur egun ez dago garai bateko presioa: lehen, derrigorrez ezkondu behar zuten, eta euren kabuz aurrera egin behar zuten".

Orain, dirudienez, haurdun geratzen diren gazteen gurasoek bizkarreratzen dute presioa. "Ama gaztearen familiak hartzen du bere gain umea –dio del Vallek-, egoerak gaztearen bizitza baldintzatu ez dezan. Sarritan, hori izaten da lehentasuna".

Bat-bateko aldaketa gogorrak

Erika Gonzalezek 24 urte ditu. Orain dela bost urte, lehenengo alaba izan zuen. Momentu latzak igaro zituen haurdun zegoela jakindakoan, baina gero ondo moldatu zen: "Gurasoek asko lagundu ninduten, bikotekideak ere bai…".

Hala ere, aldaketa gogorrak gertatu ziren Erikaren bizitzan: ikasteari utzi behar izan zion, eta batez ere, lagunekiko harremana aldatu zitzaion: "Umea jaioz geroztik, ordutegi ezberdinak geneuzkan. Gainera, hasieran umeagaz egon gura zuten beti, baina denborak aurrera egin ahala, normaltasuna berreskuratzen da, eta ahazten joaten dira".

Azkenean, betiko lagun haiek galdu barik, adiskide berriak egin zituen Erikak: "hain zuzen, ni baino askoz zaharragoak diren beste ama batzuk ezagutu ditut. Horietako zenbait nire amaren edade berekoak dira, nire ama ere gaztea baitzen nin jaio nintzenean. Lagun egin ditudan ama horiek, ni baino zaharragoak izan arren. nire seme-alaben adin bereko umeak dauzkate".

Lehen alaba jaio eta urte bira, Erikak semea eduki zuen. Baina hura ez zen ezustean etorri, bilatuta baizik. Ordurako, bikotekideagaz bizi zen, eta biek zeukaten lana. Hogei urte besterik eduki ez arren, Erikak lortua zuen egonkortasun "ospetsua". Heldutasuna, berriz, egunero jardun beharrak eman zion, ezinbestean. Gaztea bai, baina ez hainbeste.

Erika Gonzalezek onartu egiten du, alaba eduki zuenean, ez zegoela ama izateko prest. Baina ez du uste hori adin kontua denik: "Lehendabiziko umea jaiotzen denean, inortxo ere ez dago prest guraso izateko, berdin dio zenbat urte dauzkan". Izan ere elkarrekin zerikusirik ez dute bi kontzeptu dira: gauza bat da umea jaiotzako momentuan dauzkagun baliabide materialak, eta beste gauza bat, umea zaintzeko daukagun gaitasuna.

Izan ere, ez da pentsatu behar lanik eta etxerik ez daukan norbait ume bat hazteko ez-gauza denik. Noski, etxerik eta lanik gabe, zailagoa izango da umea haztea. Eta are gehiago, Erikaren kasuan bezala, guztiek elkar ezagutzen duten herri txiki batean bizi bada: "Jendeak hasieran begiratu egiten du; baina nik paso egiten dut. Jendea oso tradiziozalea da oraindik, eta txutxumutxuak egoten dira. Gazte izateagatik baino, ezkondu barik umea edukitzeagatik gehiago, nik uste".

"Bizitza hautsi egiten da"

Oztopoak oztopo, batzuk ausartu egiten dira, noiz bakarrik, noiz bikotekideagaz. Zenbait kasutan –gehienetan- gura barik haurdun geratu ostean, umea edukitzea erabakitzen dute. Bestetan, berriz, haurdunaldia ez da istripua, guraso izateko borondatearen fruitua baizik. "Hemeretzi edo hogei urtegaz umea eduki duen jendea ezagutu dut -dio Erika Gonzálezek-, baina eurek gura izan dutelako. Izugarria begitantzen zait. Suertatuz gero, onartu eta aurrera egitea beste irtenbiderik ez dago, baina nik ez nuke sekulan nahita egingo. Adin horregaz, bizitza hautsi egiten da".

Amak, gero eta “zaharrago”



Hego Euskal Herrian, 30-34 urte bitarteko emakumeek erditzen dute ume gehien. EAEn, esaterako, 2004ko bigarren hiruhilabetean jaiotakoen amen %47 inguru zen adin horretakoa. Ondoren, 35-39 urte tartea dator “sailkapenean” (%26) , eta hirugarrenik, 25-29koa (%18).

Hala ere, datuok ez digute adierazten jaioberriak emakume bakoitzaren lehenengo umea ziren ala ez. Beraz, baliteke 30-34 urte bitarteko amak gehiengo izatea, baina dagoeneko bigarren umea (edo hirugarrena, edo….) eduki izana.

Eskuratu ditugun Nafarroako datuak, berriz, emakume bakoitzak edukitako lehenengo seme edo alabari dagozkio. Eta horretan ere, 30-34 adin tartekoak gailentzen dira -%43 inguru-. Gainera, gehiago dira lehen umea izateko 35 urte –edo hortik gora- izan arte itxaroten dutenak (%23), 30 urte bete baino lehen edukitzea erabakitzen dutenak baino (%20).

Joera hauek ikusita, ez da harritzekoa ama gazte-gazteak (22 urtetan ipini dugu muga, nonbait ipintzearren) gutxiengo izatea. EAEn, 22 urte edo gutxiago dituzten amen umeak %3 baino gutxiago izan ziren 2002an. Nafarrak, aldiz, “ausartagoak” izan ziren: %5 inguru (2003ko datuak).Iturriak: EUSTAT eta Nafarroako Estatistika InstitutuaEAE (2002ko datuak)Amaren                                Jaiotako                       Ume kopuru adina                                 ume kopurua            osoarekiko portzentajea15 urte de gutxiago                 7                                     % 0,0416 urte                                   18                                     % 0,117 urte                                   32                                     % 0,1818 urte                                   46                                     % 0,2519 urte                                   58                                     % 0,3220 urte                                 112                                     % 0,6221 urte                                 120                                     % 0,6622 urte                                 137                                     % 0,76NAFARROA (2003ko datuak)13 urte                                     1                                     % 0,0214 urte                                     1                                     % 0,0215 urte                                     1                                     % 0,0216 urte                                     4                                     % 0,0717 urte                                   15                                     % 0,2518 urte                                   36                                     % 0,5919 urte                                   58                                     % 0,9520 urte                                   49                                     % 0,8121 urte                                   58                                     % 0,9522 urte                                   88                                     % 1,45

Immigrazioaren eragina



Umeak adin batean ala bestean edukitzea aukeratzeko garaian, norberaren kulturak badauka zer esanik. Pertsonaren jatorriaren arabera, aldatu egiten da askotan gai honi buruzko iritzia. Ana Irene del Vallek dioenez, "hona datozen etorkinengan nabaritzen da hori; beraiek ez dute ulertzen hemengo emakumeek ume gutxi eduki nahi izatea, ezta hain nagusi edukitzea ere". Hortaz, lehenengo umea edukitzeko batez besteko adina eta estatistikei erreparatzen diegunean, kontuan izan behar dugu hori. Izan ere, gero eta etorkin gehiago egoteak badu eraginik datu horietan.