Guillem Gisbert (Manel): "Altxor bat da jendeak gurekin katalana ikastea"

Guillem Gisbert (Manel): "Altxor bat da jendeak gurekin katalana ikastea" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/guillem-gisbert-manel-altxor-bat-da-jendeak-gurekin-katalana-ikastea/@@download/image/manel_02_1380795277.jpg
2013/10/07
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena
Apiriletik kalean da Manel taldearen ‘Atletes baixin de l'escenari’ diskoa. Bilboko Kafe Antzokian izan zen irailaren 20an Bartzelonako laukotea; azaroan Gasteizen eta Donostian izando dira.


Nola joan zen Bilboko boloa?
Hagitz ongi. Guretzat plazera da beti Kafe Antzokian jotzea. Soinu-teknikarietatik hasita, boloaren aurreko afarira eta gerturatu zen publikorai ikusgarria izan zen, guztiz. Aurki itzultzea espero dugu!

Hurrengoan euskarazko kantaren bat eroriko da, ez?

Kar, kar. Izugarri gustatuko litzaiguke baina zaila ikusten dugu. Tira, hurrengoan "gabon", "eskerrik asko" eta "bat, bi hiru lau" baino gehiago esango dugu ziur. Nazkatuak egongo zarete mundu guztiak hitz berak esateaz... Katalunian ere halaxe gertatzen da!

Orokorrean nola bizitu duzue disko berriaren bira?
Ederki. Aurreko diskoen birekin alderatuta jaialdi gehiagotan jo dugu oraingoan, eta seguruenik, hori izan da berrikuntzarik nabarmenena. Antzokietan jotzearekin konparatuz, desberdina da guztiz, eta zentzu horretan ederki pasa dugu!

Euskal Herrian behin baino gehiagotan izan zarete, desberdintasunik somatu duzue han eta hemen?
Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian jo izan dugu eta ikusleen idiosinkrasian baino gehiago aretoaren arabera nabaritzen ditut nik desberdintasunak.

Katalanez edo euskaraz kantatzeak taldearen garapena baldintzatzen al du?
Kanta baten erdia musikak osatzen du eta bestea hitzek, beraz, jakina baldintzatzen duela! Beste gauza bat da baldintzapen hori onerako edo txarrerako den musikariaren ibilbideari dagokionean. Hau da, gure hizkuntzan abesten dugun musikariok, gazteleraz egiten dutenekin alderatuta, arrazoi demografikoak direla medio, inongo zailtasunik gabe ulertuko gaituen publiko murritzagoa dugu, nabarmen. Jende kopuruari erreparatuz gero, desberdintasuna erabatekoa da eta kanta batek eduki dezakeen biziraupena baldintzatu egiten da guztiz. Hala ere, jarraitzaile kopuru murritzagoa edukitzeak ez du sekula gure hizkuntzan konposatzeari uzteko arrazoia izan behar.

Katalanez abestea, hala ere, lagungarria zaio bati baino gehiagori...
Altxor bat da jendeak gure musikarekin katalana ikastea. Jende asko etorri zaigu gure musikari esker hizkuntza ikasten ari dela eskertzera, eta hiztun gutxiago dituzten hizkuntzetan abestearen bigarren estadio hori liluragarria da...

Ideia guztiak eztabaidatzen dituzuen taldea zarete. Zalantzarik izan al zenuten kontu honekin?
Sekula ez, ez dugu inoiz mahai gainean jarri. Katalanez abestea ez da erabaki bat izan.

Goazen azken lanari errepaso bat ematera. 92ko Olinpiar Jokoei keinua egiten diozue izenburuan. Zergatik?
Bildumaren izenak ez du inongo loturarik diskoaren edukiarekin. Olinpiar Jokoetako esaldi hori mitikoa bilakatu zen Bartzelonan, zeremonian zehar aipatu zen esaldi hark (Atletes baixin de l'escenari katalanez) oihartzuna izan baitzuen gerora ere. Gutxinaka ahazten joan den arren, arrazoiren batengatik guk presente izan dugu, eta sekulako ideia iruditu zitzaigun esaldi xelebre horrek gure diskoa izendatzea.

Lehen kantak, berriz, John Lennon oroitzen du...
John Lennonez baino, Yoko Onoz ari da lehen kanta. Emakume honen irudia musikaren historian hondatua gelditu da. Hein batean, Beatlesak banandu zituen gaiztoaren eta Lennonen iluntasunaren errudun gisa oroitzen dugu gaur. Guk, besterik gabe, guztia zalantzan jarri nahi izan dugu. Garai horietako irudiak ikusten ditugunean bikote zoriontsu bat ikusten dugu, eta horrek emakume ona zela pentsatzera garamatza.

Aurreko diskoekin konparatuta, zein harrera izan du honek?
Lehen diskoak bost urte ditu, hiru bigarrenak eta honek sei hilabete. Egia esan, ez dakit zehatz esaten aurreko diskoen salmenta kopurua zenbatekoa zen lehen sei hilabeteetan. Diskoa ongi kokatua dago, baina egia da zuzenekoetan kanta zaharrek arrakasta gehiago izaten dutela beti, eta hori nabaritzen dugu. Hala ere, lan berri guztiek egokitzapen prozesu bat behar izaten dute.

Nolakoa da taldearen entsegu egun bat?
Lan mekanika taldeak bizi duen momentuaren araberakoa izaten da. Disko bat prestatzen ari garenean arratsalde oso bat pasa dezakegu kanta baten inguruan buruari bueltak ematen. Boloak prestatzen ari garenean, berriz, kantak errepasatzen ditugu hobetu daitezkeen ukituak landuz.

Nola banatzen duzue lana?
Guztiok egiten dugu denetik. Betikoa, kanta batzuetan batzuk besteek baino dedikazio handiagoa dugu zenbait aspektutan, eta besteetan berriz, besteek.

Argi dago Kataluniako bandarik adituenetakoa dela Manel. Maketa lehiaketara aurkeztu zinetenean bururatu zitzaizen horren urrun iritsiko zinetenik?
Inola ere ez. Ohiz kanpoko kontua izan da! Ez dut uste, hala ere, etorkizuneko lorpenak jakinda bidea hasten duen musikaririk dagoenik. Azken finean, gustukoa dugulako egiten dugu hau, ongi pasatzen dugulako eta horregatik hasi ginen, noraino iritsiko ginen imajinatu gabe!

Amaitzeko, ezin elkarrizketa bukatu Kataluniak bizi duen egoera aipatu gabe. Badakit politika alde batean uzten duzuela normalean, baina, nola bizi du Manelek Kataluniako aro berri hau?
Diozun bezala politika ez dugu inoiz ukitu eta kasu honetan ere ez dugu eginen. Manel musika talde bat da, eta musika taldeen eta politikaren arteko lotura hautazkoa denez, guk albo batean gelditzea erabaki dugu. Nik, jakina, nire iritzia dut, baina nire pertsonaia publikoa alde batera gelditzea nahiago dut.