Gudaberria

Urtero ospatzen dute Mutrikun Gaba beltza, heriotza erdigune duen festa ezaguna. Ez da harritzekoa, beraz, Gipuzkoa ertzeko herri hau death metal talde indartsu baten jaioterri izatea. Gudaberria izeneko lehen diskoa euskal metalarentzako erreferente izan daitekeen lan borobila da. Teknika menperatzen dute eta soinu kalitatea esanguratsua da, abesti bat bestearekin metal basatiak harilkatzen duen lan honetan. Entzulearen harridurarako, Anari bera ere death metal abesti batean kokatzea lortu dute, garrasi artean azkoitiarraren tonu pausatua uztartuz.