Guatemalak homosexualen arteko ezkontzak debekatu ditu eta abortatzeagatik zigorrak igo
Pasa den martxoaren 8an, hain justu, Guatemalako kongresuak ezkontza homosexualak debekatzen dituen legea onartu zuen eta abortatzeagatik emakumeei kartzela zigorrak igo.
Dokumentua Bizitza eta Familiaren babeserako legea bezala ezagutzen da eta parlamentarien gehiengoaren babesa eskuratu zuen (160 alde, 8 aurka). Neurri hau indarrean jarri dadin alderdi kontserbadorekoa den Alejandro Giammattei presidentearen berrespena besterik ez da behar.
Legeak zehazten duenez, norbere kabuz abortatzen duen emakumea edo beste norbaiti abortua egiteko baimena ematen diona zigortua izan liteke bost urterainoko kartzelaldiarekin.
Gainera, homosexualitatea goraipatzen duten hezkuntza materialak ere debekatu egingo dira. Honela, Guatemalako emakumeen eta gutxiengo sexualen egoera ezegonkorra da herrialdean, bai behintzat, gobernuaren gehiengoa kontserbadoreen esku dagoen bitartean.

