GROSS birrategiak 'Gabon Beltza' jaia antolatu du urtea lagun artean ixteko

GROSS birrategiak 'Gabon Beltza' jaia antolatu du urtea lagun artean ixteko 'Kantu Eskukadak II' proiektuan bidelagun izan ditugun Gross birrategikoek, hainbat garagardo aurkeztuko ditu ostiral honetako festan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gross-birrategiak-gabon-beltza-jaia-antolatu-du-urtea-lagun-artean-ixteko/@@download/image/GrossGabonbeltza...jpg
2022/12/22

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

'Kantu Eskukadak II' proiektuan bidelagun izan ditugun Gross birrategikoek, hainbat garagardo aurkeztuko ditu ostiral honetako festan.
GROSS birrategiak 'Gabon Beltza' jaia antolatu du urtea lagun artean ixteko

Iraileko 'Grosstoberfest' ekimen arrakastatsuaren ondoren, Donostiako GROSS garagardo lantegiak 2022. urtea pozik eta lagun artean itxi nahi du festa batekin: janari eta edari ugari, Disko-jartzaileak, lagunak eta giro ederra. Zer gehiago eska daiteke? Ostiral honetan izango da, zehazki, abenduaren 23an, 19:00etatik aurrera, bere 'zurrutoki' edo taproomean, hau da, Donostiako Igara auzoko Pillotegi kaleko 8an, hain justu.

"Eguberri jaia egin nahi genuen, egia esan, Gabonak gustatzen zaizkidalako, baina zerbait ezberdina antolatuta, noski. Horregatik, buelta txiki bat eman diogu egun hauetako jaia tipikoari: 'Gabon Beltza', 'Gabon Satanikoa' edo 'Gabon rockeroa, metalera' antolatuko  dugu", adierazi du Andoni Galdos gerenteak. Hori dela eta, ostiralean 'zurrutokira' hurbilduko diren pertsonek hainbat DJez gozatu ahal izango dute zuzenean, ekitaldia musika tematikoarekin girotuko dutelako. Honez gain, jendeak disfrutatu ahal izango du festa honetarako bereziki prestatutako gastronomiaz.


"Ekitaldian aurkeztuko ditugun bi garagardo berri ditugu, negurako prestatutakoak biak. Asko dira urte honetan egin ditugun garagardo berriak, baina negukoek beti dute ukitu berezia, hotz handiko uneotan primerakoak baitira edateko, gorputza, zaporea eta izaera berezia duten edariak dira-eta. Xehetasun gehiagori buruz galdetuta, Galdosek azaldu du horietako bat 'Winter Bock' izenekoa izango dela: 6,6 graduko alkoholdun Lagerra: "Alemaniako estiloko birra da, neguko garagardoetan inspiratua, malta ugariduna, txigortu ukituaz; litrotan edateko, baina neguan".

 

Garagardoa 'Poking' teknikarekin
Gabonetako festa honen dekorazioa "iluna eta rockeroa" izango da. Gainera, gerenteak azaldu duenez, ukitu berezia emango diete zerbitzatzen dituzten garagardoei, 'Poking' izeneko teknika deigarria aplikatuko diete-eta, hain justu: "Gori-gori dagoen metalezko xafla segundo batzuez edarian sartzean datza, malta pixka bat gehiago karamelizatzeko, pittin bat gehiago gozotzeko. A, eta Olentzero ere gonbidatuta dago! Etorriko dela dirudi, baina oraindik ez dugu ezer zehaztu", dio umoretsu Galdosek.

Era berean, GROSS markaren sortzaileak adierazi du bi barra egongo direla edaria zerbitzatzeko: "Asko indartuko ditugu barrak, ikusi baikenuen 'Grosstoberfest' jaia oso potentea izan zela, eta zerbitzu hobea eskaini nahi dugu oraindik".

Izan ere, garagardo-fabrikak urtaro bakoitzeko ekitaldi bat antolatzen du. Irailean 'Grosstoberfest' arrakastatsua egin zuten, eta orain 'Gabon Beltza' dator. "Hau neguko ekitaldia da, eta urteko azkena. Eguna ostirala izatea erabaki genuen, aurten Gabonak asteburuan direlako: 24, 25, 31 eta 1 larunbatean eta igandean izango dira. Horiek familiarekin egoteko direnez, pentsatu dugu ostirala, hilak 23, egun ezin hobea dela urtea ondo amaitzeko zure lagunekin GROSSen".