Grises musika taldearen gutuna

Grises taldeak irailaren 1ean Zestoan eskainiko duen kontzertuaren katxetaz sortu diren “zurrumurru faltsuak” gezurtatzeko gutuna kaleratu du Urola Kostako Hitzan. Hainbat azalpen eman dituzte Raul Olaizola, Amancay Gaztañaga, Eñaut Gaztañaga, Gaskon Etxeberria eta Alejo Orbegozo Grises taldeko kideek honako testuan:
“Grises taldeak Zestoako herriari:
Orain dela urtebete inguru galdetu ziguten ea 2018ko Gazte Egunean Zestoan jotzeko prest egongo ginatekeen eta horretarako gure baldintzak zeintzuk izango liratekeen.
Irailaren 1a musika jaialdien garaia izanik, gure managementak aukera asko ikusten zituen horietako batean gure katxet osoarekin jo ahal izateko. Hala ere, Zestoan festetarako dagoen dirua ikusirik eta gure herrian jotzeak egiten zigun ilusio handia kontuan izanik, kasu zehatz honetarako katxeta 2.500 eurora –gure katxetaren erdira– jaistea erabaki genuen, gure agentziarekin adostu ostean.
Jendeak musika talde baten benetako errealitate tristea zein den jakin dezan, honako hau da 2.500 euro horien gastuen banakapena:
- Adostutako diru kopurua: 2.500 euro.
- %20 management enpresari.
- Kontzertura eramaten ditugun ohiko 3 teknikarien egun horretako soldata.
- Kontzertuko showa posible izateko alokatutako argiak.
- Taldekideen altak Gizarte Segurantzan.
- Gastu horiek guztira: 1.600 euro inguru.
Geratzen den diruarekin taldearen beste hainbat gastu finko ordaindu behar ditugu: furgoneta, lokala, bosgarren diskoko kredituaren gastuak eta abar. Kontzertu horrek dituen gastu guztiak ordaindu ondoren, taldekide bakoitzak kobratuko duen diru kopurua zero eurokoa da. Tamalez, gaur egungo musikari gehienon errealitatea horixe da: ezeren truk lana egitea, gure lana pasioz egiten dugulako.
Azken egunotan kalean, herrian, gure katxetaren inguruko zurrumurru faltsuak entzun ditugu, kontzertuagatik 5.000 euro kobratu behar ditugula esaten dutenak. Horregatik, idatzi honen bidez, argi utzi nahi izan dugu gu kontratatu batzuk besterik ez garela eta ez dugula zer ikusirik festetarako zegoen diruaren kudeaketarekin. Pena handia eman digu inolako errurik gabe azalpen hauek ematera iritsi behar izatea –urteetan zehar festetan jo duten beste taldeek egin behar izan ez dutena–. Egia ez diren zurrumurru horiek biziki tristetu gaituzte, izugarrizko gogoa genuelako herrian jotzeko. Horrela bada, gauzak argitzeko idatzi hau kaleratu nahi izan dugu.
Besterik gabe”.