Greenpeace-k Shein markako zenbait arropatan substantzia kimiko arriskutsuak topatu ditu

Txinako Shein marka polemika berri batean murgilduta dago, beste behin. Alemaniako Greenpeace-k argitaratutako txostenaren arabera "moda azkarreko erakundeak kimiko arriskutsuetan eta ingurumenaren suntsiketan oinarritutako negozio modeloa" du.
GKE-ak Bremen Environmental Institute 47 deitutako laborategian modu aleatorioan hautatutako hainbat arropa (gizonezkoenak, emakumezkoenak eta haurrenak) erosi ditu Shein-en webgunetik eta hauek aztertu ditu.
Azterketaren emaitzak asaldagarriak dira. Aztertu ziren arropetatik %15ak ftalato eta formaldehido kimikoen maila arriskutsuak zituzten, Europar Batasunean onartutako mailak nabarmen gaindituz. Gainera, aztertutako pieza guztietan, bi salbu, bestelako kimiko arriskutsuren bat ere topatu zuten, nahiz eta kontzentrazio maila baxuetan izan.
"Konposatu hauen dentsitateak arrisku potentziala dakar europar kontsumitzaileentzat", ohartarazi du Greenpeace-k. Horrekin batera, Shein-eko langileen baldintzen inguruan zalantzak ere sortu ditu aurkikuntzak, askok konposatu horiekin lan egin beharko baitute fabrikazio prozesuan.
Hala eta guztiz, ez dirudi Shein-ek bere negozio modeloa aldatzeko asmorik duenik. Jasangarritasun eta zirkulartasun egitasmo batzuk badaude ere, hauek oso azalekoak dira. Greenwashing deituriko praktika leporatu die GKE ezagunak.
Shein-ek, aldiz, argudiatu du oso serio hartzen duela bere produktuen segurtasuna. Erakundearen esanetan, iazko urtean 300.000 segurtasun proba burutu ziren. Shein-ek dio, erreklamazioak dauden momentutik, berehala kentzen dituela merkatutik produktu horiek. Argumentu hau historikoki izugarri erabili dute kate handiek erantzukizunak ekiditeko. Hain da horrela, ezen Shein-ek adierazi duen, Greenpeace-n txostenaren berri izan eta berehala, bertan aipatutako produktuak merkatutik kendu dituela.