Graffitien sehaska aske bat

Graffitien sehaska aske bat https://www.gaztezulo.eus/albisteak/graffitien-sehaska-aske-bat/@@download/image/egipto_4_1370510259.jpg
2013/06/10
erreportajea
Testua: Ane Irazabal, Argazkiak: Ammar Abu Bakr
Graffitien sehaska aske bat
Hormetako muralak iraultzaren egunkari bilakatu dira Egipton. Kairoko Mohamed Mahmoud kalea da graffitien paradisu berria. Aldarrikapen politikoek eta arteak bat egiten dute hemen.


"Dear Morsi and the Muslim Brotherhood: Fuck you" –Morsi eta Anaia Musulman estimatuak: segi popatik hartzera–. Kairo erdiguneko horma batean irakur daiteke esaldia. Tankera horretako graffiti andana dago Egiptoko hiriburuan, izan ere, unean-uneko haserrea neurtzeko termometro gordina bilakatu dira muralak.

Herrialde honetan sakon sustraitua dagoen joera da paretak margotzea. Antzinako tenpluetako eta hilobietako geroglifikoak adibidetzat aipatuz, margolan sofistikatuak Niloren deltan sortu zirela diote egiptoar askok. Hamarkada luzez mugimendu eta kolektibo jazarria izan da graffitigileena baina, Hosni Mubaraken osteko egunerokotasun gorabeheratsuan, adierazpen askatasunaren irudikapen bilakatu da.

Egiptoko edozein txokotan topa daiteke mural bat gaur egun; baina, zalantzarik gabe, Kairoko Mohamed Mahmoud kalea graffitien sehaska berria da. Tahir enparantza eta Barne Ministerioa batzen dituen arteria nagusiak hamaika istorio batu ditu azken bi urteetan. Egiaz, Mubarak bota ondotik protesta odoltsuenen lekuko izan da.

Heriotzatik artera
Hilabete hauetako jazoerak gogoratu ditugu Ammar Abu Bakr graffitigilearekin Mohamed Mahmoudeko artelanak bisitatuz. Kairoko Unibertsitate Amerikarra inguratzen duten hormetako graffitiek gertakizunen kronika bat egiten lagundu digute. Oso argia da kronologia: "Game Over" dioten Mubaraken karikatura handiekin hasi, hegoz jositako martirien irudiekin nahiz militarren kontrako muralekin jarraitu eta Mohamed Morsi presidentearen aurkako esaldiekin bukatu. Graffitiek ongi baino hobeto islatzen dute Egiptoko gazteen gogo aldartea.

Hain zuzen, zenbait protestaren lekuko izan ondotik piztu zitzaion Ammarri Mohamed Mahmouden graffitiak egiteko sena. "Urteetan Luxorren margotu nuen, baina beti ezkutuan, debekatuta baitzegoen aldarrikapen politikoak egitea", esan digu. Bere   lehen murala, hiru buruko herensuge bat, nekez antzeman daiteke paretan. Halere, Ammarrek ondo gogoratzen du aerosola hartu eta egun argiz graffiti hori egiten hasi zenekoa: "2011ko azaroaren 19an manifestazio baketsu bat zapaltzeko herritarren begietara tiro egiten hasi ziren hainbat frankotiratzaile. 50 egiptoar hil ziren eta makina batek begiak galdu zituen".

Protesta horien ondoren, Hildakoen Kalea deitu zitzaion Mohamed Mahmoudi, eta poliziak Barne Ministerioa ixteko horma berriak eraiki zituen. Hala, manifestarien eta graffitigileen gotorleku berria bilakatu zen kalea. "Heriotzak eta arteak konexio handia dute egiptoarrontzat. Gertatutakoa ahaztu ez zedin, martirien eta itsu geratu zirenen irudiak egiten hasi ginen", gogoratu digu Ammarrek. Bere lagunekin batera, bi aste eman zituen graffitiak egiten.

"Errepublika Independentea"
Orduz geroztik, transformazio prozesu etengabean daude kale honetako hormak. Graffitigi- leek bata bestearen gainean egiten dituzte muralak, betiere aurrekoek utzitako arrastoa zeharo tapatu gabe. Geruza bakoitzak istorio berri bat erakusten du, alegia, margolariaren ikuskera eta estiloa. "Ez dago araudirik, baina elkar errespetatzen dugu. Nire lana beste batek lehenagotik egindakoarekin lotzen saiatzen naiz", azaldu digu Abdul izeneko hasiberriak.

Emakumeek pairatzen duten sexu jazarpenen aurkako lan bat amaitu berri du Abdulek. "Birjintasun probak egin arren, Egipto beti izango da jendarte zibil bat", sinatzen du graffitiak. Abdulen iritziz, ezinbestekoa da gizarte arazoak plazaratzea. Spraya hartu eta inork ez dio eragotzi bere arrastoa uztea.

Mohamed Mahmoud toki segurua bilakatu da graffitigileentzat eta apurka-apurka herritarren onarpena lortzen ari dira margoak. Ammarrek eta bere lagunek "Graffitien Errepublika Independente" gisa batailatu dute kalea. "Beste toki batzuetan gertatzen ez den bezala, nahi bezain kritikoak izan gaitezke hemen". Haren aburuz, agintariek halabeharrez onartu dute muralak marrazteko joera eta inor gutxi ausartzen da hormak garbitzen. Noizean behin, ordea, ustekabeko bisitak egiten ditu poliziak. "Iraultza amaitu zenetik hiru aldiz borratu dituzte graffitiak, baina zatika: zenbait esaldi polemiko, karikaturak... inoiz ez horma osoa", azaldu digu Ammarrek.

Sinadurarik ez
Bertako zama politikotik landa, Mohamed Mahmoud modan dagoela begibistakoa zaigu. Hala, famatu egin da bertan arrastoa utzi duen graffitigile andana. Ganzeer da horietako bat: "Ez zait axola marka bat bilakatzea. Guretzat protesta egiteko beste modu bat da hau, baita egiptoarrek sentitzen dutena erakusteko bide bat ere. Finean, herritarrena da kalea". Ganzeer ziur da muralak ez direla haserrearen irudikapen soil bat: "Kaleko artea egiten saiatzen gara. Hamarkada luzez gure espazio fisikotik urrun egon den arte adierazpena berriz ere jendarteratu nahi dugu", diosku.

Aldarrikapen politikoa eta artea bat egiteko grina horrek graffitiaren zentzu kolektiboa indartu du. Hemengo egile gehienek ez dituzte beren muralak sinatzen. "Beharrezkoa ez den beste geruza bat da sinadura", azaldu digu Ganzeerrek. Mezua herritarrengana iristea omen da garrantzitsuena. "Hausnarketa eta eztabaida bultzatu nahi ditugu", argi dauka.

Arrazoiak arrazoi, aire zabaleko museo handi bat bilakatu da Mohamed Mahmoud, alegia, azken bi urteetako jazoeren oroitzapen bisuala. Ammarrek ederki deskribatu digu kalearen espiritua: "Iraultzaren egunkaria dira graffitiak, askeak eta doakoak".