Graffiti onenak Mendaron

Graffiti onenak Mendaron https://www.gaztezulo.eus/albisteak/graffiti-onenak-mendaron/@@download/image/44p26-1_1368032136.jpg
2004/09/03
erreportajea
Graffiti onenak Mendaron
Graffiti zalea zara? Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, Euskal Herriko Graffiti lehiaketa antolatu du. Lanak aurkezteko epea hilaren 25an amaituko da, eta urriaren 2an aukeratuko dituzte irabazleak, Mendaron egitekoa den jaian.

Topaguneak, "gazteen sormena bultzatzeko", Gazte Sortzaileak sariak abiatu ditu aurten, hainbat erakunderen laguntzaz. Bi helburu nagusirekin jaio dira sari hauek: gazteen izaera sortzailea sustatzea eta gazteei kultur jarduerak sortzeko eta zabaltzeko bideak eskaintzea. Aurrerantzean, zenbait esparrutako proiektuak —musika, dantza, komikigintza, marrazkia, antzerkia, gorputz adierazpena…— lagundu eta saritu nahi dituzte, eta aurtengoan, graffitien txanda izango da.

Azken eguna hilaren 25a

Esan bezala, lehiaketan parte hartzeko epea irailaren 25ean amaituko da eta gaia euskara da. Lanaren zirriborroak honako helbidera bidali behar dira: Topagunea Arlozabal 8 bis, 1. C
48220 Abadiño Bizkaia
(tel: 94 6215116).

Taldeek zein norbanakoek parte har dezakete, eta irabazleak urriaren 2an jakinaraziko dituzte. Topaguneak Mendaron jaia antolatu du egun horretan, eta finalistek euren lanak horma batean paratzeko aukera izango dute. Epaimahaiak erabakiko du zein egile saritu.

Bestelako kultur adierazpenak

Graffitigileak izango dira egun horretako protagonista. Hala ere, antolatzaileek egitarau aparta osatu dute, eta bertan ez da faltako gaur egun punta-puntakoak diren beste kultur adierazpen batzuk gertutik ikusteko aukera: Dj-ak eta scratch-a, perkusioa, break dantza… Tailerrak ere egingo dituzte. Festa handia Mendaron, beraz.

Egitaraua



10:00-14:00 Finalistak aukeratzeko, parte hartzaileen erakustaldia Tailerrak: graffitiak, Dj-ak, scratch-a, perkusioa, break dantza eta musika ordenagailuz egiten ikasteko tailerra
14:30 Bazkaria
17:00 Sari banaketa
17:30 Scratch eta skate erakustaldiak
18:00 M.A.K Ipar Euskal Herrikotaldearen kontzertua
18:30 Aritz Sound System Dj-aren eta Intxaurbreak dantza taldearen erakustaldia18:45 Selektha Sound System-en emanaldia