GPSA, XXI. mendeko mapa

GPSA, XXI. mendeko mapa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gpsa-xxi-mendeko-mapa/@@download/image/71p47_1364899204.jpg
2007/02/02
erreportajea
Orkatz Goenaga
Mendian ez galtzeko gero eta baliabide gehiago dugu: mapa gehiago eta hobeak, GPSa... Baina ongi erabiltzen ez badira, behe lainoa sartu orduko, galduta egoteko arriskua dugu. GPSa ongi eta inoiz ez galtzeko moduan erabiltzeko hainbat gomendio bildu dugu hemen.            

Mendizaleen artean aspalditik oso ezaguna da, baina hala ere, duela gutxi egin da GPSa ospetsu gizarte osoan. Autoentzako GPSak ere badira, eta haiek ere urte batzuk dituzten arren, azken urteotan zabaltzen ari dira, arrazoi ugari dela medio. Mendiaz ari garela, ibilaldietan ez galtzeko tresna ezin hobea da GPSa.

Ba al dakigu, ordea, zertarako balio duen? Zein baliabide eskaintzen dizkigun? Eta batez ere, nola erabili behar den?


Zer da GPSa?

GPSa (Global Position System edo Kokapenerako Sistema Globala) satelite berezi batzuen bidez gure kokapenaren berri ematen digun tresna da. Satelite berezi horiek, hasieran, AEBtako armadarentzat espazioratu zituzten —ez dago esan beharrik zertarako—. Poliki-poliki, 80ko hamarkadan, erabilera zibiletara bideratzen hasi ziren: hegazkinak, itsasontziak, trenak eta abar. Azkenik, mendian erabiltzeko tresna ezin hobe bilakatu zen.

Zertarako balio du?

Lehen aipatu bezala, UTM koordenatuen bidez, gure kokagune zehatza emango digu GPSak, gauden tokian gaudela. Hala ere, nora joan behar dugun ez badakigu, alfer alferrik izango dugu tresna. Horregatik, guk esan behar diogu aparatuari nora joan behar dugun. Autoentzat gaur egun merkatuan dauden GPSek hainbat helbide dituzte, datu basean, lana errazteko. Baina mendian ez dugu helbiderik izaten, eta beraz, bi bide ditugu helmuga edo egin beharreko bidea nolabait GPSari adierazteko: waypoint-ak, eta track-ak.

Waypoint-ak

Helmuga edota hasiera GPSan markatzen dituzten puntuak dira waypointak. Ibilbidearen abiapuntua markatzen badugu, esaterako, edozein momentutan, abiapuntura bueltatzeko norantz joan behar dugun eta zenbateko distantzia dugun adieraziko digu aparatuak. Kontuz ibili behar dugu, hala ere, autoetan ez bezala, mendian ez baitigu biderik adieraziko GPSak, noranzkoa baizik.

GPSek waypoint ugari gordetzeko aukera eman ohi dute. Horrekin, waypoint-ak lotzen dituzten ibilbideak ere egin daitezke. Edo, galduz gero, autoa, etxea, aterpetxea eta abar non diren esango digu.

Track-ak

Track-ak ibilbideak dira. Hau da, abiapuntu jakin batetik helmuga jakin batera joateko, zer bide egin adierazten du track-ak. Baina, kontuz, ez du bide horren berri ematen mapa batean; GPSak momenturo zein norabidetara joan behar dugun, noranzko horretan zenbateko distantzia ibili behar dugun eta zein altueratan gauden adieraziko digu, nahiz eta biderik ez izan. Beraz, ia-ia maparik gabe egin ahal izango ditugu hainbatetan adierazi dizkiguten ibilbide zoragarri horiek.

Nola gorde edo lortu waypoint-ak eta track-ak?

Bi bide daude, GPSan, waypoint-ak eta track-ak gordetzeko. Lehena mendira joatea eta GPSak ematen dizkigun koordenatuak geronek gordetzea da. Waypoint-aren kasuan, puntu bat gordeko dugu eta izen bat emateko aukera izango dugu; track-aren kasuan, berriz, ibilbidearen hasieran gordetzen jarriko dugu, eta bukatu orduko ibilbide osoa izango dugu gordeta. Azken kasuan, zenbateko distantzia dagoen, ibilbidea egiteko zenbat denbora behar izan dugun eta zenbateko altuera tartea dagoen ere esango digu.

Beste bide bat ordenagailua eta interneta izango dira. GPSak programa informatiko berezi bat eskainiko digu, mapak ikusteko, waypoint-ak markatzeko eta gordetzeko, track-ak diseinatzeko eta abarrerako. Programa horren bidez, maparen aurrean markatu ahal izango ditugu koordenatuak eta ibilbideak. Edo, internet bidez, guk erabili nahi ditugun ibilbideak eta waypoint-ak jaitsi.

Bilaketatxo bat eginez, badira sarean bai mapak, bai waypoint-ak, baita track-ak ere eskaintzen dituzten webguneak: Euskal Herriko mendi tontor gehienak eta ibilbide batzuk www.mendikat.net webgunean daude, adibidez.

Nola erabili?

Behin track-ak edota waypoint-ak aparatuan ditugula, GPSak ibilbidea egiteko hainbat modu eskaintzen ditu. Alde batetik, ibilbidea ikusgai dugula joango gara marraren gainetik, eta aparatuak adieraziko digu bidetik ateratzen ari garen ala ez. Bestetik, gezi bat izan dezakegu gidari, norantz joan behar dugun eta zenbateko distantzia ibili behar dugun esango diguna. Azkenik, zenbateko distantzia egin dugun, zenbat denboran, zenbateko altuera tarte igo edo jaitsi dugun, eta zer abiaduratan ibili garen esan dezake GPSak.

Mapa eta iparorratza ez ahaztu



Ez ahaztu inoiz GPSa tresna dela eta akatsak izan ditzakeela. Akatsek ez dute zertan funtzionamenduarekin lotutakoak izanik: pilarik gabe gera gaitezke, adibidez, edo GPSa uretara erori edo hautsi egin daiteke. GPSa nabigazio aparatu zehatza da, baina beti ere, ohiko nabigazio tresnen osagaia da; ez ordezkoa. Beraz, garbi izan ezazu, GPSaz gain, mapa eta iparorratza ere ezinbestekoak ditugula mendian.