Gosford Park ****

Kritikaren laudorioak ezezik, sari ugari ere jaso zituen Robert Altman zinema zuzendari beteranoaren film apart honek. Short Cuts harribitxiaren egilearen film ederrak hainbat Oscar izendapen jaso, eta gidoi onenarena bereganatu zuen. Jean Renoir handiaren La regle du jeu maisulana du oinarri filmak, eta intrigaz eta suspensez blaitua dago. Sir William McCordle aristokrata britaniarrak festa elitista batera gonbidatu ditu adiskideak, inguruko nobleak eta baita zinema izarrak ere. Aristokrata hilik agertzen denean, gonbidatu oro susmagarri bilakatuko da. Misterioa, umorea eta kritika sozial maltzurraren bidegurutze da Gosford Park. Perlatxo ilun bezain ederra da, zinez.