Gosearen paradoxa; ereiten dutenek jasotzen dute gutxien
Irudikatu honako egoera; elikagariak erein, zaindu eta bildu, ondoren, gose bizitzeko. Hain zuzen, munduan banatu eta kontsumitzen diren elikagaiak sortzeko ardura duten nekazariak dira gose gehien jasaten dutenak eta txirotasun arriskuan bizi direnak. Lurra lantzen dutenek eramaten dute ahora zatirik txikiena.
Pobreziak gosetera darama, eta horrela, munduko nekazari gehienek ez dute ekoizten dituzten elikagaiak erosteko dirurik. Garapen prozesuan dauden herrialdetan, jatekoa lortzeko soldaten %50 edo gehiago bideratu behar dute. Egun, munduko 9 biztanletatik batek ez du bizitza osasuntsua mantentzeko nahikoa elikagai eskuratzen.
Baina gosea ez da soilik herrialde txiroetan gertatzen; adibidez, 2018an 37 milioi estatubatuarrek ezin izan zuten behar besteko elikagai eskuratu beren biziraupenerako. Arazoa janari falta ote? Guztiz kontrakoa; inoiz baino janari gehiago ekoizten da; egun, 10.000 milioi lagun bapo elikatzeko moduko elikagai kopurua dugu, eta 7.500 milioi gara. Orduan, nolatan ez da gosearekin amaitu? Zoritxarrez, ekoizten den janari kopuru guztiaren heren bat bota egiten da.

EMAKUMEAK, KALTETUENAK
Goseak ere genero bereizketa egiten du, eta emakumeak dira kaltetuenak. Hain zuzen, emakume nekazariek orokorrean gutxiago irabazten dute, eta irabazten dutena familia aurrera ateratzeko erabiltzen dute. Datuen arabera, emakume nekazariek gizonek bezainbeste irabaziko balute, munduan gosea pasatzen duten 150 milioi lagun gutxiago egongo lirateke.

ALDAKETA KLIMATIKOA, MEHATXUKA
Egun, aldaketa klimatikoa da gosea eragiten duen faktore garrantzitsuenetakoa. Tenperaturak etengabe doaz goraka, eta muturreko klimak nekazaritza arriskuan jarri du. Horregatik, datu negatiboak jaso dira azken urteetan; hain zuzen, azken hiru urteetan igo egin da gosea jasaten dutenen kopurua.

