G.A.Z Limbo: "Gorpuzkingzekoek Berri Txarraken antzera etenaldi mugagabe bat iragarri dutenez, beraien lekua betetzera gatoz!"

G.A.Z Limbo: "Gorpuzkingzekoek Berri Txarraken antzera etenaldi mugagabe bat iragarri dutenez, beraien lekua betetzera gatoz!" G.A.Z Limbo musika taldearen sare sozialak miatuz gero, "Lekitxoko musika taldia. Estiluak ikasten eta probaten egunero. Dana autoekoiztuta eta lekitxarrez !" esaldia ageri da. Hori hala den frogatzeko eta gaur bertan estreinatu duten bideokliparen sormen prozesuaren inguruan hausnartzeko, taldekideekin elkartu gara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gorpuzkingzekoek-berri-txarraken-antzera-etenaldi-mugagabe-bat-iragarri-dutenez-beraien-lekua-betetzera-gatoz-1/@@download/image/22222.jpg
2019/10/16

Testua:GaizkaIzagirre@Gaizka_Izagirre

G.A.Z Limbo musika taldearen sare sozialak miatuz gero, "Lekitxoko musika taldia. Estiluak ikasten eta probaten egunero. Dana autoekoiztuta eta lekitxarrez !" esaldia ageri da. Hori hala den frogatzeko eta gaur bertan estreinatu duten bideokliparen sormen prozesuaren inguruan hausnartzeko, taldekideekin elkartu gara.
G.A.Z Limbo: "Gorpuzkingzekoek Berri Txarraken antzera etenaldi mugagabe bat iragarri dutenez, beraien lekua betetzera gatoz!"

Oinarrizko galderatik hasiko naiz: Gaz Limbo, zergatik izen hori?
Alde batetik G.A.Z Limboko “G.A.Z” gure abizenen inizialen batura da. Bestetik “limbo”k erreferentzia zuzena egiten du gure azken hiru urteetako noraeza musikalari. Bizitza guztia genero ezberdinetatik edaten eta babesten egon ostean, euskal musika mailan garatu gabeko eta mundu mailan geroz eta indar gehiago hartzen ari den genero bati lekua egiten hasi gara. Honen harira abenduan disko bat argitaratzera goaz Buruaz Beste izenekoa, honek, lotura zuzena izango du taldearen izenarekin. Euskal Herri mailan garatu ez den estilo batetara buruz behera bota garelako.

Lekeitiotik zatozte, herrian bertan zuen moduko talderik bada?
Ez. SKRRk asko! Nahikoa eta (Carlos) soberan batekin.

Trap generoa egiten duzuela esango zenukete?
Bai. Trapa egiten duten metal zaleak gara. Hip-hop eta rap-a eredu bezala hartuz eta metalean bereizgarriak diren ahots eta ezaugarriak gehituz trapa gure iluntasunera ekartzeaz arduratzen gara. Azpimarratzekoa da, abesti guztiak gure euskalkian egiten ditugula, hau da, Lekittarrez. EGA izatea ez dugulako beharrezkoa ikusten.

Genero honen aldekoak zaretela imajinatzen dut, baina nabaria da aurkari asko dituela. Zergatik uste duzue horrela dela?
Zergatik ez zen onartua izan Korrika 2019ko abestia? Zergatik jarraitzen dute duela 20 urteko talde berdinek karteletan? Zergatik diote Modus Operandikoek “zerbait ezberdina egingo dutela” eta betiko kaka egiten dute? Euskaldunok oso kontserbadoreak garelako eta gauza berriei beldur diegulako.

Uste duzue euskal musikan, betiko izenek ez diotela aukerarik uzten talde berriei?
Oraindik kaka da nagusi euskal musikan, betiko ikusleek ez diote aukerarik uzten formula berriei! Sortzen diren talde berriak, gailurrean dauden taldeen imitazioak dira. Talde berriak formula zaharrak.

ABESTI GUZTIAK GURE EUSKALKIAN EGITEN DITUGU, LEKITTARREZ. EGA IZATEA EZ DUGULAKO BEHARREZKOA IKUSTEN”.

Zeintzuk dira zuen erreferenteak?
Euskal Herri mailan Jousilouli eta Anestesia, besterik ez! Nazioarteko ereduei dagokionez, Fever 333, $uicideBoy$, Ghostemane, Hed PE eta Taburete besteak beste.

Ikusi dugu Gorpuzkinz taldearen kolaborazioa izan duzuela, identifikatuak sentitzen zarete beraiekin?
Ez, baina inbidia osasuntsu bat sentitzen dugu beraien jarrerarekiko. Euskal Herriak behar izan duen zuzeneko showa dira. Purismoa apurtu behar da.

Euskal Herriko traparen heroiak” direla esan dute askotan beraiek; zuek nola identifikatzen zarete?
Gorpuzkingzekoek Berri Txarraken antzera etenaldi mugagabe bat iragarri dutenez, beraien lekua betetzera gatoz! Beraien itzuleran ez da lekurik egongo eszenaren gailurrean!

Nola sortu zen bideokliparen ideia?
Kontziente gara, gaur egun musika ez dela belarrietatik soilik kontsumitzen, TDA pairatzen duen gizarteari estimulu indartsuak eman behar zaizkio. Zer indartsuago Zakil Onilen besoak baino?

Zer kontatu nahi izan duzue bideokliparekin?
Hasieran bai, baina orain ez diogu garrantzi berezirik ematen bideoko edukiari, denborarekin konturatu gara inprobisatuz eta naturaltasunez ateratzen zaizkigula bideoklip onenak, eta hori nabaria da YouTubeko ikustaldi kopuruan.

"ZERGATIK DIOTE MODUS OPERANDIKOEK “ZERBAIT EZBERDINA EGINGO DUTELA” ETA BETIKO KAKA EGITEN DUTE?"

Nolakoak dira zuen zuzenekoak?
Ilunak eta indartsuak! Batez ere ilunak, bai sortzen den giroagatik eta baita erabiltzen dugun argiztapen ekipoagatik. Musika eta soinuak jartzeaz gain, irudiak ere txertatzen ditugu proiektore baten bidez, eskuz doazen bi elementu dira uneoro, soinua eta irudia. Ikusgarritasuna eta ikusmina sortzen dugu, ikusleekin hartu-eman handia daukagu, neurri berdinean gaude. Kontua ez da Ikuslea G.A.Z Limbori begira egotea, denok gara G.A.Z Limbo eszenatikoan dantzan.

 

GAUR BERTAN ESTREINATU DUTE BIDEOKLIP BERRIA:

Ekoiztetxeen laguntzarik gabe, etxean ekoiztutako bideoklipa da. Joseba (ahotsa) eta Gaizka (DJ) sortutako kantua.
Egilea; Ibai Zabala.