Gorputzaren kontrako bataila

Gorputzaren kontrako bataila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gorputzaren-kontrako-bataila/@@download/image/sexuak_1372944617.jpg
2013/07/08
erreportajea
Testua: Nerea Sancho. Bitxigorria.
Gorputzaren kontrako bataila
Mutil eta neska askok euren gorputza bizipen erotikoak garatzeko oztopo gisa hautematen dute. Ez dezagun gure itxuragatik barkamena eskatu, ez dezagun gure bizimodua mugatu, den-denok eman eta jaso baitezakegu plazer erotikoa.


Gure gorputzarekiko dugun pertzepzioa eta bizitza erotikoa estuki loturik daude, gorputza delako gure lurraldea, bertan hezur-mamitzen direlako bizipenak; azken batean, gorputza gara.

Aitzitik, irudiaren aroan bizi garenez gero, gure gorputzaren dimentsio estetikora mugatzeko joera dugu. Horregatik, mutil edo neska bati bere gorputzetik zer gustatzen zaion galdetuta, "begiak", "ilea", "ipurdia", "ezpainak"… moduko zerbait aipatuko digu ziur aski. Inork erantzuten al du "nire usaina" edo "nire malgutasuna"? Horrelakoak haurrek bakarrik esaten dituzte, oraindik ere gorputzaren pertzepzio integrala dutelako, gorputza osotasun baten gisara hautematen dutelako, eta ez zer edo zer zatigarria bezala. Bestalde, "begiak" gustatzen zaizkiola erantzun duen horri zergatia edo arrazoia eskatuz gero, "urdinak direlako" edo "handiak direlako" esango digu seguruenik. Era berean, gustuko ez dugunaz galdetuz gero, ohikoa da "titiak", "hankak", "sabela" modukoak entzutea; "txikiak direlako", "gizenak direlako" edo "handiak direlako".

Gauzak horrela, alderdi estetikoari ez ezik, gorputzaren dimentsio funtzionalari eta sentipenei dagokionari erreparatzera gonbidatu nahi zaituztegu. Oin "itsusi" horiek, neguan galtzerdi beroak jarrita, gozagarriak al dira? Belarretan oinutsik ibiltzean plazera ematen al digute? Hemendik hara joateko balio al digute?  Ipini dezagun arreta ezaugarri hauetan. Estetikoki maite ez ditugun begiek ere gure neska/mutil-lagunaren irribarrea ikusteko balio digute, ez al da hori plazer handia? Titi txikiak, ipurdi zapalak, zakil okerrak, hanka motzak, belarri handiak... ikus ditzagun beste optika batetik. Nola eta zertan laguntzen digute egunero? Plazer-iturri al dira?

Hizkuntza belikoa
Lehenago ere aipatu dugu irudien aroan bizi garela, eta hau bereziki nabarmena da publizitateak tratamendu estetikoak iragartzeko darabilen hizkuntza belikoan: "borrokatu laranja-azalaren kontra", "inperfekzioei eraso egin", "neutralizatu usainak", "begizuloen kontrako lehia", "zimurrak deuseztu"... Gure gorputzaren berezko ezaugarri naturalak akats gisa identifikatu eta huts egiten ez omen duen erremedioa proposatzen digute, eros daite-keen zerbait.

Zer egin mezu hauei aurre egiteko?

Hasteko, ezinbestekoa da kontziente izatea eta publizitate mezuak aztertzea. Geure autoestimua landu, nork bere burua onartu eta errespetuz tratatzeko neurriak hartu beste balore batzuk gailenduz. Emakumeei dagokienez, bereziki, elkarren arteko lehiakortasuna baztertu eta elkar laudatu. Gorputzaren sentsualtasunari protagonismoa eman, egunero, une batez bada ere. Nork bere bizipenen ardura hartu, biktimizatu gabe. Behar badugu, laguntza eskatu, irakurri, ikastaroetan parte hartu, masaje ikastaroak egin... eta, batez ere, iragarkietako modelo, celebrity eta it girl horiekin ez konparatu, beti aterako baikara galtzaile. Makillajea, fajak (emakumeek, baina baita gizonek ere), takoiak, gimnasioa… nolako lanak! Eta halere, ez dute lortzen gure begietara iristen den irudi hori. Ez gaitezen engainatu: programa informatikoak baliatzen dituzte, adibidez, nesken gerriak estutzeko edo mutilen sabelean ‘txokolatea’ markatzeko. Hortaz, ikusten ditugun pertsona horiek ez dira existitzen, ez dira errealak, muntaiak dira.

Ahal dugun bezala bizitzeko eskubidea dugu, ikas dezagun tokatu zaigun gorputza maitatzen.

Eztei-entsalada



Testua: Carlos J. Lahoz

Osagaiak:
Letxua, kanonigoak, udare bat, intxaurrak, eztia, olioa, modena ozpina, gatza eta parmesano gazta (hautazkoa).

Nola prestatu:
Letxua garbia erretilu edo bandeja batean zabaldu. Gainean, kanonigoak eta zuritutako udarea xerratan moztuta. Gatza, olioa eta modena ozpina bota, sprayarekin bada hobe.  Amaitzeko, ezti-hari batekin apaindu guztia, eta ondoren gehitu intxaurrak. Kanonigoen mingostasuna primeran doa ozpinarekin, udarearen freskotasunarekin eta eztiaren gozotasunarekin. Zapore guztiak elkarren osagarri bikainak dira. Intxaurrek puntu karraskatsua dakarte. Gazta gustuko izanez gero, gehitu parmesano xafla batzuk baita ere.

Iradokizuna:
Gau ero bati ekiteko plater perfektua da, izan ere, arina denez gero, ez digu betekadarik eragingo ezta liseriketa astunik ere, baina, era berean, benetako eztei-bidairako indarra emango digu. On egin!