Gorputza astintzeko prest? Gaztea Dantzan lehiaketa martxan!

Hemen da Gaztea Dantzan lehiaketaren bosgarren edizioa! Dantzari fina bazara, ez galdu izena emateko aukera; 5.000 euro daude jokoan!
Hilabeteko epea izango dute Gazteako entzuleek eta erabiltzaileek koreografiak bidaltzeko, abenduaren 5era arte. Sartu hemen eta bidali zuen lanak. Azpimarratzekoa da ez dituztela dantzari profesionalak bilatzen, gerria lotsarik gabe mugitzen duten eta ongi pasatzeko gogoa duten gazteak baizik.
Epaimahaia
Aurten, Ugaitz Alegriaz gain, beste bi kide ere izango dituzte epaimahaian. Batetik, Saydik hartuko du parte bideoak aztertzeko lanean. Lola Indigoren dantzarietako bat da, eta 'Fama a bailar' saio ezaguneko lehiakidea izan zen.
Bestetik, Iker Karrera dantza-irakasle ezaguna ere arituko da lanean.
Epeak
Esan bezala, azaroaren 5etik abenduaren 5era jasoko dituzte bideoak. Behin epe hori bukatuta, bozketa-faseari ekingo diote; abenduaren 11n, hain zuzen. Hala, zazpi egunez (abenduaren 18ra arte) koreografia gustukoenen aldeko botoak eman ahal izango dituzue.
Irabazlea 'Dida hamarretakoa' saioan jakinaraziko dute abenduaren 18an bertan.
Sariak
Guztira, 5.000 euro inguru banatuko dituzte saritan. Batetik, Entzuleen Saria eskuratzen duenak 1.000 euro jasoko ditu; eta bigarren sailkatuak, 500 euro. Bestetik, Epaimahaiaren Sariak 2.000 euro emango dizkio talde edo bakarlari batek egindako dantzaldi onenari; eta 1.000 euro bigarren onenari.
Oinarriak
Gaztea Dantzan parte hartu ahal izateko zenbait baldintza bete behar dira. Hemen kontsulta ditzakezue oinarriak. Animatu!