Gorputz tolesduren ahotsak

Gorputz tolesduren ahotsak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gorputz-tolesduren-ahotsak/@@download/image/dantza_1452600298.jpg
2015/09/10
erreportajea
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono
Badator hamaikarren urtez Dantza Garaikidearen Zirkuitua. Horri esker, punta-puntako emanaldiekin gozatzeko parada izango dugu Euskal Herriko 22 udalerritako antzokietan. Gorputzak eta ahotsak bat egiten dute oholtzan, zenbaitetan begiekin gozatzeko eta beste batzuetan gorputzak deseroso uzteko.


Hamaikagarren urtez, dantza garaikideak Euskal Herriko hainbat oholtza hartuko ditu. Urtarriletik abendura bitartean ospatuko den Dantza Garaikidearen Zirkuituaren XI. edizioari esker izango da. Egitasmoaren bultzatzaileak  Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila eta antzoki publikoen sareak (Sarea) koordinatutako Dantza-Bultzatuz izeneko programa dira.

Behar forma hartu zuen ezinegonari erantzuteko jaio zen Dantza Garaikidearen Zirkuitua duela hamaika urte. Formatu txiki eta ertaineko sorkuntza berriak aurkezteko gune egonkorrik ez zegoelako kezkatuta zeuden sektoreko profesional eta zaleak. Arazo horri aurre egiteko jaio zen Dantza Zirkuitua, eta bide batez, antzokiak tankera horretako emanaldietara ikusleak erakartzeko egiten ari ziren ahaleginari eusteko.

Horrela bada, aurten, Dantza Garaikidearen Zirkuituaren XI. edizioa Gasteiz, Dulantzi, Amurrio, Zornotza, Barakaldo, Basauri, Durango, Elorrio, Gernika, Leioa, Sopela, Berriz, Andoain, Arrasate, Azpeitia, Donostia, Eibar, Hondarribia, Irun, Lasarte, Tolosa eta Errenterian izango da.

Urteekin goraka egin du egitasmora atxikitu diren udalerrien kopuruak, baita hamabi hilabeteetan zehar programatutako erakustaldien zenbatekoak ere; estreinako edizioan sei izan ziren, eta aurten 66 izango dira.

Proposamenak


Dantzatan – Hiru sortzaile.
Dantzatan hiru euskal koreograforen lana biltzen duen emanaldi plurala da. Lehena, Ziomara Hormaetxearen gidaritzapean bere konpainiak gorpuzten duen hogei minututako Symbiosis ikuskizuna. Bigarrena, Lasala konpainiaren Hooked; Judith Argomanizek zuzenduta, bera eta Jaiotz Osa hamabi minutuz eszenan dituen emanaldia. Eta azkena, Asier Zabaletak hamabost minutuz eskaintzen duen Joan zaretenei, adio.



El cielo ahora – Olatz de Andrés.
Piezaren egilea eta koreografoa da Olatz de Andrés. Bartzelona, Geneva, Amsterdam, Donostia, Granada, Bilbo eta Altean ikasitako dantzan aditua da. Milaka urte atzera eta aurrera eginez, iragana eta geroa, orainean harremanetan jartzen ditu egileak. Hausnarketarako parada ematen duen lana da El cielo ahora, norbera non dagoen pentsarazten duena. Horretarako, ereduen saturazioa aztertzen du lanak.



Bost 5 – Logela multimedia & Edsteps & Predatorz.
Elorrio, Bilbo eta Mosku bateratzen dituen ikuskizuna da Logela Multimediak dakarrena. Bizkaiko hiribilduko Edsteps taldea popping eta locking estiloen ardatzean mugitzen da. Irungo Predatorz konpainiakoak munduko breakdance dantzako txapeldunak dira. Imanol Garaizabalen zuzendaritza eszenikoaren agindupean uztartzen diren bost koreografia biziren nahasketa da ikuskizuna. 



Komunikazio_Inkomunikazioa – Kukai dantza konpainia & Tanttaka teatroa.
Mireia Gabilondok sortu eta zuzentzen duen ikuskizunak Jon Mayaren koreografia dauka. Espazioek eta pertsonek posible egiten dituzten harremanen eta sare komunikatiboen komunikazio eta inkomunikazioaren bueltan dabil ikuskizuna. Hainbat tresna erabiltzen dituzte Mikel Laboak dikotomia horretan irekitako bideei erreparatuta: gorputza eta ahotsa.