Gorka Hermosa lehiaketa sortu dute Txinan

Gorka Hermosa akordeoi-jotzaile urretxuarraren omenezko nazioarteko lehiaketa sortu dute Txinako Tianjin-en, herrialdean biztanle gehien dituen bosgarren hirian. Mundu osoko soinu-jotzaileek hartuko dute parte bertako kontserbatorioan egingo duten lehiaketan, eta Hermosaren konposizioak interpretatuko dituzte. Nazioarteko epaimahaiak interpretazio onena aukeratuko du eta epaimahaiako burua urretxuarra bera izango da. Gainera, Hermosak obra bat konposatuko du irabazlearentzat eta berak bakarrik jo ahal izango du lehen urtean.
Txina akordeoilari gehien dituen herrialdea da, munduko akordeoilarien erdia baino gehiago bertakoa da, eta nazioarteko lehiaketa ugari irabazten dituzte. Akordeoiak Txinan lortu duen ospearen arduradun nagusia Cao Xiaoquing Pekineko kontserbatorio nagusiko maisua da. Xiaoquing-ek antolatu du, hain zuzen ere, Gorka Hermosa lehiaketa, Frederic Deschamps Munduko Akordeoi Konfederazioko presidentea den frantziarrarekin batera. Hermosak hiru aldiz jo du Txinan, eta Pekinen kontzertuak eta eskola magistralak eman izan ditu. Txinan ez ezik, munduko hainbat herrialdetan eman izan ditu kontzertuak, hala nola Iranen, Errusian, AEBetan eta Europako herrialde askotan.
Aurretik ere jaso izan ditu aitortzak akordeoilari urretxuarrak, duela hiru urte Accademia Di Música Hermosa ireki baitzuten Sicilian. Bestetik, urte berean, Accordion Stars AEBetako aldizkariak mundu osoko hamar akordeoilaririk estimatuenen artean sartu zuen. Gainera, hainbat aldiz irabazi du urteko konposizio onenari dagokion saria.