GOR: 15 urte musika kaleratzen

GOR: 15 urte musika kaleratzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gor-15-urte-musika-kaleratzen/@@download/image/62p8-1.jpg
2006/04/07
erreportajea
Gor diskoetxeak 15 urte bete ditu. Urte hauetan guztietan, bertako langileek Euskal Herriko musikaren bilakaera gertutik jarraitzeko parada izan dute, eta oso ongi ezagutzen dute musikaren egungo egoera. Zigilu nafar honek, euskal talde garrantzitsu askoren lanak kaleratu ditu hamabost urte hauetan.

Gor diskoetxea 1991. urteko maiatzean sortu zen. Oihuka eta Soñuan lanean ibilitako talde batek sortu zuen diskoetxea, hain zuzen ere. Euskaraz egiten zen rocka ekoizteko helburuarekin eratu zuten Gor; eta hori guztia, modu independentean egin nahi izan zuten gainera.

Hamabost urte hauetan, sona handiko talde ugari plazaratu ditu diskoetxeak, besteak beste, Parabellum, Exkixu, Urtz, Manolo Kabezabolo, Kojon Prieto y los Huajolotes, La Polla, Koma, Marea, Hemendik At, Ken Zazpi, Berri Txarrak, Skalariak, Su ta Gar eta Brigada Criminal. Talde hauetako askok, arrakasta handia lortu dute Euskal Herrian, eta baita Euskal Herritik kanpo ere. "Lortu duten arrakasta horrek oso harro sentiarazten nau", aitortu du Manolo Goñik,
Gor-eko arduradunak.

Musikaren mundua arras aldatu da azken urteotan; baina hala ere, Goñiren hitzetan, "Gor-en filosofia ez da aldatu. Gaur egun dagoen panorama ikusita, bide egokia hautatu dugula uste dut gainera. Independentzia gehiago eskuratu dugu, gure banaketa sarea dugu eta taldeekin lana alor guztietan egiten dugu".

Bide luzea

Euskal Herriko talde askok argitaratu ditu bere lanak Gor zigiluarekin. "Kalean egiten den musika jaso nahi genuen hasieratik", dio Manolo Goñik. Gor-en, sentimenduei teknikari baino garrantzi gehiago ematen diote, "azken batean,  musika-konposizioa baino gogokoagoa dugu abestia bera. Musika intelektualetik ahalik eta gehien urruntzen ahalegindu gara".

Baina, dioten bezain ilun al dago diskoetxeen egoera? Goñik aitortu digunez, "egoera nahikoa larria da, eta inork ez du irtenbide bakar bat aurreikusten". Baina Gor-ekoek, ziurtasun handiz diote aurretik bide luzea dutela oraindik.
Hurrengo hilabeteetan ere gogor jarraituko dute lanean. Maiatzerako, Ezinean musika talde azpeitiarraren estreinako diskoa kaleratuko dute. Stupenda Jones-en bigarren lana ere maiatzerako izango da salgai. Eta udarari begira, berriz, Iruñeko Sök taldearen diskoa, Aurtengo Gorakadak eta Skalariak taldearen bilduma ekoitziko ditu Gor-ek.

GOR jaia


Hamabost urte ez dira egunero betetzen, eta hori festa handi batekin ospatu beharra dago. Hilaren 8an, Iruñeko Artsaia aretoan, Gor diskoetxearekin hurbileko lotura duten taldeak bilduko dira kontzertuak eskaintzeko. "Sarrera dohain izanen da, eta bertan ariko diren taldeek ere musu-truk joko dute", esan dute Gor-eko arduradunek. Emanaldien tarteetan hainbat bideo izango dira ikusgai, "berriak zein iraganeko harribitxiak". Antolatzaileek, ezuste atsegin bat baino gehiago egongo dela iragarri dute. Jaialdian, Sök, Ezinean, Stupenda Jones, Leihotikan, Brigada Criminal, Kerobia, Chicarela, Lendakaris muertos eta Skunk taldeak arituko dira.

Historia luzea



Lehen diskoa
Gor zigiluak argitaratu zuen lehen diskoa, Los de Rayo taldearen “Miedo al miedo” izan zen, 1991. urtean. Binilo eta kasete formatuan kaleratu zituzten hasieran. Taldeak, zuzeneko emanaldia eman zuen Iruñeko taberna batean, eta, diskoetxeko zuzendaria gerturatu zitzaien diskoa grabatzeko gonbita eginez.

Azken diskoa
Plazaratu duten azken diskoa, Lendakaris Muertos taldearen “Se habla español” izan da. Disko hau, Gor-ek argitaratu duen 152. lana da. Horrek, bataz beste, urteko hamar bat disko kaleratzen dituztela esan nahi du.

Bereziena
Tijuana in Blue taldeak, 2003. urtean berriro elkartu, eta, “Antes de perder el riego” zuzeneko lana kaleratu zuen. Azken kontzertuaren biharamunean, taldeko abeslari eta ekoizleak, Eskrotok, bere buruaz beste egin zuen. Gor-eko langileentzat, “zoritxarrez-edo, esanahi berezia du disko honek”. Nahi gabean, Eskrotori omenaldia bilakatu da disko hau.

Arrakastatsuena
Arrakasta salmentarekin neurtzen bada, Manolo Kabezaboloren “Ya hera ora” da Gor-ek argitaratu duen lan arrakastatsuena. 1995. urtean kaleratu zuten diskoa, eta sekulako harrera izan zuen hasieratik. Orain arte, 25.000 ale baino gehiago saldu dituzte, eta hori, gaur egun, marka ederra da.