Google Loon

Google Loon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/google-loon/@@download/image/sarezulo-globoa_1421055313.jpg
2015/01/15
erreportajea
Testuak: Egoitz gonzalez @aldakur
‘Google’ eta ‘proiektu’ hitzak esaldi berean idatzita agertzen direnean... argi ibili! Internet munduko txoko guztietara eramatea du helburu Mountain View-ko  erraldoiaren proiektu berriak. 


Googlen egoitza nagusian arbel batzuk dituzte. Arbel horietan enpresak garatu beharko lituzkeen proiektuetarako ideiak idazten dituzte langileek. Ideia horietatik abiatuta, Interneteko bilatzailearen zerbitzua ematetik, Gmail zerbitzua eskaintzera, sistema eragile propioa izatera edota kotxe autonomoak egitera pasa da Google.

Google Loon izeneko proiektua ere arbel horretan idatzitako ‘erokeri’ interesgarri horietako bat da. Proiektuaren helburua zera da: Interneterako sarbiderik ez duten lekuetara sarea eramatea; hau da, isolatuta dauden herrietan, garatzeko bidean dauden herrialdeetan edota hondamendi bat jasan duten lurraldeetan, adibidez, Internetera sartzeko aukera izan dezaten bermatzea.

Kasu honetan bitxia dena da Googlek aipatutako leku horietara Interneterako konexioa nola eraman nahi duen, izan ere, globo aerostatikoak baliatu nahi ditu. Globoak estratosferan kokatuko ditu, lurretik hogei kilometrotara, eta LTE teknologia erabilita, Internetera sarbidea eskainiko die 40 kilometroko diametroan daudenei. Proiektua 2013an abiatu zuten, eta momentuz egindako frogek emaitza onak eman dituzte.

Facebooken erantzuna
Google Loon ez da, ordea, helburu hori duen proiektu bakarra. Facebookeko buru Mark Zuckerbergek ere denbora darama mundu osora Internet zabaltzeko asmoa duela esanez. Horretarako, baina, ez ditu globoak erabiliko, droneak baizik. Dagoeneko diru asko inbertitu du droneak garatzen dituen enpresa bat erosten, eta NASAren kolaborazioa ere lotu du. Konexioa globoek egingo duten antzera ahalbidetuko dute droneek, baina badago, momentuz, ezberdintasun bat: droneek autonomia handiagoa izango dute estratosferan denbora gehiagoz egoteko. Diotenez, eguzkiaren energia baliatuz hilabeteak zein urteak igaro ahal izango dituzte droneek lurreratu gabe. Googlen globoek, aldiz, gehienez ere, 100 bat eguneko autonomia izango dute.

Harritu gaitu



Pressy button
Crowdfunding kanpaina baten bitartez lortu zuen arrakasta proiektu honek. Gure Smartphone-rako botoi sinple bat den arren, ehunka gauza egin daitezke horri esker.

Katxondoena



Oddee
Barre egiteko hamaika arrazoi eta kuriositate topatuko dituzu.

Informazio bila



Remove photo data
Argazki bat ateratzen dugunean, bere datuak gordetzen dira. Ateratako lekua, kamera mota... Datu horiek ezabatzeko web orrialdea.