Google Chrome

Google Chrome https://www.gaztezulo.eus/albisteak/google-chrome/@@download/image/89p12crome2.jpg
2008/10/03
erreportajea
Gorka Julio
Google Chrome
Beste nabigatzaile batzuetatik ideiak jaso, bere erara moldatu, eta modu errazean antolatu ondoren, nabigatzaile berria sortu du Googlek: Google Chrome. Google Chromek itxura sinplea du, baina oso tresna potente eta azkarra da. Erreportaje honetan, kode askean ateratako nabigatzaile honen berri emango dizuegu.

Esan bezala, orain arte beste nabigatzaile ba-tzuetan topa genitzakeen zenbait ezaugarri  hartu ditu Googlek, eta horiek hobetuta sortu du Google Chrome (http://www. google.com/chrome). Hemen dituzue, labur-labur, nabigatzaile berri honen ezaugarri garrantzitsuenak.

Fitxa ezberdinak eta dinamikoak:
Google Chrome fitxa ezberdinak eta independenteak kudeatzeko gauza da. Funtzio honi esker, fitxa horietako batean arazoren bat gertatzen bada, nabigatzailea ez da blokeatuko. Era berean, fitxa ezberdinak ordenatu eta batu egin ditzakegu.
•
Ezkutuko modua:
nabigatzailea ezkutuan jarriz gero, ez dugu gure nabigazioaren arrastorik utziko; beraz, beste norbaitek nabigatzailea erabiltzen duenean, ez du guk bisitatutako gune eta fitxategien berri izango.

•Nabigazio segurua:
Google Chromek orrialde arriskutsuei buruz ohartzen gaitu; phisin saiakerak edo software maltzurra antzemanez gero, berehala jasoko dugu arrisku-oharra.
•
Azkartasuna:
Google Chromeren berritasun handiena V8 Javascript motore berria da. Motore horri esker, javascript-a erabiltzen duten orrialdeak beste nabigatzaileek baino azkarrago exekutatzen ditu.
•
Diseinu sinple eta erraza:
Google Chromek argi eta garbi erakutsi du gauza konplexuak sinpletasunez egin daitezkeela. Laster-marka azkarrak egiteko era sinplea, helbide-barretan proposamenak egiteko gaitasuna, fitxategiak deskargatu eta erraz kudeatzeko aukera… horiek guztiak modu sinple baina eraginkorrean egiten ditu.
•
Web aplikazioetarako lasterbideak:
tresna honen bidez, Googleren beste web aplikazioetarako laster-bideak sor ditzakegu. Ondorioz, nabigatzailea martxan jarri beharrik gabe, zuzenean exekutatu ahal izango ditugu web aplikazio horiek.  
•Dena ez da laudorio, hala ere: hasieratik, nabigatzailea Windows sistema eragilearentzat atera dute bakarrik. Bestalde, Google Chrome hainbat hizkuntzatan dago, baina euskararen arrastorik ez dago: beraz, euskaldunoi tokatuko zaigu itzulpena egitea. Zentzu honetan, ez dago soberan gogoraraztea, Firefox nabigatzailea euskaraz dagoela (http://www.mozilla-europe.org/eu/). Bestalde, azpimarratzekoa da Google gero eta botere handiagoa hartzen ari dela, eta are gehiago, tresna berri bat sortzen duen aldi bakoitzean, gero eta informazio gehiago ematen ari gatzaizkionean. Laburbilduz: asko pozten gaitu beste nabigatzaile libre bat erabil dezakegulako, baina bakoitzak zer egin erabaki dezan, ondo dator puntu beltz eta ilunak ezagutzea, ezta?

HARRITU GAITU



Seko harritu gaitu Maite Goñik hartutako lan itzelak. Maitek denen eskura jarri ditu EGAren azterketa berriak eta EGA 03-04 liburuaren bertsio elektroniko eta multimedia (http://www.euskaljakintza.com/ariketak/ega-03-04-azterketak/). Berari esker, EGA azterketa gainditu nahi dutenek on line izango dituzte baliabide hauek guztiak. 

KATXONDOENA


Webgune kantxondoa iruditu zaigu GeraGaitezen (http://geragaitezen.com). Webgune honetan, beste lagun batzuekin harremanetan jar gaitezke, eta hainbat trensa eskaintzen zaizkigu horretarako: bideoak, blogak, argazkiak… ligatzeko abilidadea bakoitzak jarri behar du, n0ski. 

INFORMAZIO BILA



Euskaltube.com (http://euskaltube.com): Bideoak igo eta partekatzeko webgune euskaldunak bertsio berritua kaleratu du. Bertsio honek itxura hobea du, eta baita audioa igotzeko sistema berria ere. Bideo interesgarri eta dibertigarri asko eskaintzen ditu Euskaltubek. Sartu eta ikusi.