'Gonagorri', haur eta gazte literaturari buruzko podcasta

'Gonagorri', haur eta gazte literaturari buruzko podcasta Bi atal argitaratu dituzte oraingoz eta hilabetekaria izatea du helburu Galtzagorri elkarteak sortutako audio formatuko ekimenak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gonagorri-haur-eta-gazte-literaturari-buruzko-podcasta/@@download/image/01_galtzagorri_podcast_sexua-2-2.jpg
2021/11/11

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bi atal argitaratu dituzte oraingoz eta hilabetekaria izatea du helburu Galtzagorri elkarteak sortutako audio formatuko ekimenak.
'Gonagorri', haur eta gazte literaturari buruzko podcasta

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Gonagorri izeneko podcasta du martxan. Hilabetekaria izateko asmoz sortu dute, eta atal bakoitzean "haur eta gazte literaturako aditu, kontalari eta kritikariek gai ezberdin bat hartuko dute ahotan, 15 bat minutuz". 

Bi atal kaleratu dituzte oraingoz. Lehenak sexua eta gazte literatura du ardatz eta Mireia Delgado pedagogoa elkarrizketatu du Miriam Luki kazetariak. Antton Kazabonek Erotik (Denonartean, 2020), Jokin Mitxelena ilustratzailearekin ondutako liburuaren irakurketa-kontaketa bat egin du, eta sexuari lotutako gaztetxoentzako liburu-gomendioa ere bada Lore Agirrezabalen eskutik. 

Bigarrena, berriz, ahozko tradizioari lotutako saioa da. Bertan, Juan Kruz Igerabide idazlea elkarrizketatu dute, Xabier Olasok Agurtzane Villateren ilustrazioekin argitaratutako Tximeletrak (Pamiela, 2012) liburuko poemak errezitatu ditu, eta Lore Agirrezabalek ahozko tradizioa biltzen duen liburua gomendatu du.

Miriam Luki kazetariak gidatuko ditu bertako elkarrizketa eta erreportaje nagusiak, eta edizio lanak Maddi Orcajok hartuko ditu bere gain. Podcasta girotuko duen musika Maite Larbururen Gona abestia izango da. Gainera, webgunean zintzilikatuko duten podcastaren atal bakoitzak Concetta Probanzak berariaz egindako ilustrazio bat izango du atal horrek lantzen duen gaiari lotutakoa. Bestelako plataformetan, aldiz, Elena Odriozolak berariaz egindako irudia izango da.

Galtzagorriren webgunean podcastarentzat sortutako gunean entzun daitezke atalak. Spotify, Ivoox eta Baleafunk plataformen bidez ere bada entzuteko aukera.