[Gomendioa] Yaw - "Malda" (2013)
![[Gomendioa] Yaw - "Malda" (2013) [Gomendioa] Yaw - "Malda" (2013)](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-yaw-malda-2013/@@images/3900b3f1-2dc5-484e-a83c-2a8792d157a6.jpeg)
Bertan erritmo irmoak aurkitzen dira, baina melodiari muzin egin gabe. Ura Edonon abestiak irekitzen du diskoa geldiezinezko haize bafada bat balitz bezala. Kaosak jarraitzen du Pasibitatearen Luxua eta Gauez Pentsatzen direnak abestietan. Yaw taldeak markatutako erritmoak entzuleari ia ez dio arnasarik hartzen uzten, kantuak ia pausarik gabe jaurtiz. Euren musikan bahituta sentitu daiteke entzulea eta bukaerarako stockholmeko sindromea pairatzea ezinbestekoa da.
Guztia ondo neurtua dago disko honetan ordea, eta bake momentuak ere eskaintzen dituzte Sistema Bost Hitzetan, Eskatu Mapa eta Kontraesana Naiz bezalako abestietan. Erritmo oldarkorrenek lekua uzten dieten hausnerketei. Izan ere, nork esan du musika zaratatsuetan ez direnik hitzak zaintzen? Pentsarazten duten letrak aurkituko ditu arreta jartzen duen entzuleak. Aipatutako Sistema Bost hitzetan kantuko letrak bizi dugun gizartea modu zorrotz eta laburrean definitzen du: Heriotza da demokratikoa den bakarra. Bikaina ezta? Gartxot Unsain dagoela Yaw-eko ahotsaren eta hitzen atzean esaten badizut jada ez duzu dudarik izango letrek taldean duten garrantziaz.
Pena da hau dela, oraingoz behintzat, taldeak argitaratu zuen azken lana. Ez dirudi pandemia garai hauetan taldea berriz osatuko dutenik, eskerrak behintzat oraindik diskoak behin eta berriz entzutea ez diguten debekatu!