[Gomendioa] 'The Square': gizarte nartzisista eta hipokrita
![[Gomendioa] 'The Square': gizarte nartzisista eta hipokrita [Gomendioa] 'The Square': gizarte nartzisista eta hipokrita](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-the-square-gizarte-nartzisista-eta-hipokrita/@@images/4fa8682d-f6ee-4bc4-9864-16c5e71801c5.png)
Arte garaikideko museo bateko zuzendaria da film honetako protagonista, Christian. Bere geruza sozialetik kanpo, bere mundutik at erlazionatzeko zailtasuna islatu nahi izan du zuzendariak. Alderdi sexual, familiar eta batez ere, besteen arazoen aurrean, diru apur batekin konpondu ezin daitekeen guzti horren aurrean. Baina islada hori era harrigarri eta ezohikoan burutu du. Une deserosoz josia eta masailezurra erauzteko gai den sekuentziaz betea dagoelako. Gizon-tximinoaren eszena adibidez, aspaldi ez nuela horrelako une harrigarri bat areto batean bizitzen. Errealegia den amesgaizto moduko bat, humanismoak bere alde basatiari aurre gin behar diona.
Ez da erraza film honi ohitzen jakitea eta are gutxiago libreki, mundu guztiari gomendatzea. Irakurtzen ari zaretenen % 50ei, seguru asko, jasanezina irudituko zaizue, gustu txarreko broma bat, baina ez bakarrik formagatik bakarrik. Film batean gutxitan ikusitako une deserosoak bizitzeaz gain, umore guzti horren azpian, min ematen duen gizarte kritika bortitz bat aireratzen duelako. Eta horrek, agian, arbuioa sor dezake. Umea eta katutxoaren bideo horrekin film barruan eragiten duen lurrikara hori, pantailatik kanpo ere atera daiteke adibidez, gaur egungo mundu-biral-kontrolaezin horren kritika basati bat eginaz. Alegia istorio barruan salatzen dena, gure errealitatera estrapolatu daitekeela askoren kontzientzia astinduz.
Azpi-geruza ugari dituen ekoizpena denez, oso zaila, ezinezkoa, piztu dizkidan sentsazio guztiak lerro hauen bidez igortzea. Orain urte batzuk Tony Erdman zoragarriaren ukituak sumatu ditut, batez ere pertsonaien garapenean eta umore horren erabilpenean. Burua ia lehertu didan ekoizpen honen mezuarekin geratu nahiko nuke beraz, eta aipaturiko gizarte kritika horrekin. Bizi garen gizarte hau, hain da nartzisista eta hipokrita, bere zabor propioaz desegiteko gai ere ez dela. Filmean ikusten diren etxeko hondakinetatik hasi, erabilitako kondoi horretara iritsi arte, berdin dio. Jarri arreta adibidez, museoan ikus daitekeen “You Have Nothing” instalazioan. Ala merkatal gunean, alabak galtzen direnean eta eskaleari laguntza eskatzen dion unea. Aberats eta pobreen arteko distantzia geroz eta ikaragarriagoa eta ainguratuagoa dagoela salatzen duena.
Ehunka une aipatuko nituzke, baina zentzua galdu eta erabat desegingo lirateke, guzti-guztiak pantailan ikusten ez badituzue. Erraietatik irtendako esperientzia bisual lotsagabe, zorrotz eta originala iruditu zait. Hau da nire gaurko gomendioa. Gozatu.