[Gomendioa] The Solution - "Will Not Be Televised" (2007)
![[Gomendioa] The Solution - "Will Not Be Televised" (2007) [Gomendioa] The Solution - "Will Not Be Televised" (2007)](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-the-solution-will-not-be-televised-2007/@@images/d3940635-3ec2-4405-9cb8-55b1e17f6000.jpeg)
The Solution taldea suediarrak Scott Morgan amerikarrarekin batera osatu zuen. Ez espero rock and roll-ik hemen, bertan soul erritmo alai eta dantzagarriak aurkituko baitituzu. Disko honek argi erakusten du, abesti onak estilo ororen gainetik daudela. Aurreiritziak alde batera uzteko gai bazara berehala harrapatuko zaitu diskoak helarazten duen atmosferak eta ohartuko orduko korista profesionala bazina bezala, koruak egiten aurkituko duzu zure burua dantzatzen duzun bitartean.
Estilo tradizionala jorratzen badu ere, soinu oso freskoa helarazten du taldeak, instrumentu guztiak, koruak, ahotsa... izugarri ondo mihiztatuak daude, ez dago ezer soberan, ez da ezer falta. Dotoretasuna galdu gabe, energia eztanda bat da lan hau. Ezin du hau inork ukatu, egun txar bat alaitu dakizukeen lan biribila da. Abesti bakoitzaren konponketak oso sortzaileak bezain naturalak dira. Nik lehengoz entzun nuenean pentsatu nuen handitan soul talde bateko korista izan nahi nuela, eta disko bikain hau entzun ondoren ez bazara apur bat zoriontsuago, hobe duzu berriz diskoa jarri, ez baituzu behar besteko arretarik jarri.