[Gomendioa]: 'The Mandalorian'

[Gomendioa]: 'The Mandalorian' Gaur Star Wars unibertsoaren eguna dugu, eta azken perlatxoa deskubritzeko garaiz zabiltzate! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-the-mandalorian/@@download/image/92c653356a66f6543d8b7e47cd711763.png
2020/05/04
erreportajea

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gaur Star Wars unibertsoaren eguna dugu, eta azken perlatxoa deskubritzeko garaiz zabiltzate!
[Gomendioa]: 'The Mandalorian'

May the 4th Be With You esaldia behin eta berriro errepikatuko da gaur; maiatzaren laua Star Wars unibertsoaren eguna da, hain zuzen, egunak hitz joko perfektua osatzen duelako unibertso horretan aipatzen den esaldi ezagunarekin: May the force be with you (indarra zurekin izan dadila).

Egunari omenaldia egiteko beraz, unibertso honek eskaini digun azken perla gomendatzera natorkizue; The Mandalorian. Zortzi kapituluko telesail honek Star Wars zaleak eta Star Wars gustuko ez dutenak behingoz ados jartzea lortu du, eta soilik horregatik, badu meritua. Baina zergatik horrenbeste zalaparta telesail honengatik? Spoilerrik gabe, jarraian telesail hau zergatik ikusi behar duzuen ulertzeko gakoak topatuko dituzue.

ONGI ETORRI WESTERN GALAKTIKORA: The Mandalorian istorio independentea da; Star Wars unibertsoaren barruan dago, baina hemen ez duzue Jedi edota Sith-ik topatuko. Inperioa erori ondoren eta Lehen Ordena agertu baino lehen kokatutako istorioa da; protagonista Mando da, mandaloriar sari bilatzaileen kredokoa. Telesailak western kutsua du, hemen ez daude onak eta gaiztoak, makiabelismo hori atzean gelditzen da, eta soilik bizirauteak axola du.

PEDRO PASCAL: Mandoren maskararen atzean ezkutatzen den aktore bikaina Narcos telesailean eta Game Of Thrones frankizia entzutetsuan ezagutu genuen. Oraingoan baina, erronkarik zailenari aurre egin dio aktoreak; bere aurpegia ez duzue ikusiko, mandaloriarrek ezin baitute sekula kaskoa kendu besteen presentzian; hori gutxi balitz, pertsonaiak ia ez du hitz egiten. Eta halere, lehen kapitulutik lortuko du pertsonaiari xarma eta interesa ematea.   

EMAKUMEAK ZUZENDARI: Telesailak hainbat zuzendari ditu, eta emakumeek protagonismoa hartu dute; Deborah Chow eta Bryce Dallas Howard dira kapitulu batzuetako zuzendariak. Hain zuzen, Dallas Howard aktorea lehen aldiz jarri da zuzendari rolean. Hauek dira telesailaren kapituluetako zuzendariak: Dave Filoni (1 eta 5), Rick Famuyiwa (2 eta 6), Deborah Chow (3 eta 7), Bryce Dallas Howard (4) eta Taika Waititi (8). 

JON FAVREAUren ukitu magikoa: Telesaila Jon Favreauren irudemenetik jaio da, eta ziur aski horixe da bere arrakastaren gakoetako bat. Ziur aski The Avengers eta Iron Man-en bizkartzain rola egiteagatik egingo zaizue ezaguna, baina Favreau zuzendaria ere bada; bereak dira Iron Man, Lehoi Erregea eta Oihaneko Liburua, besteak beste. The Mandalorian-en western ukitua berari zor diogu.

BABY YODA: Orain arte esan dugunak konbentzitu ez bazaitu, berde koloreko eta belarri erraldoidun Yoda txikiak ziur urtuko duela zure bihotz gogorra. Jakin haur bitxi hau ez dela sagako Yoda, arraza bereko beste izaki bat baizik. Disney frankiziak bete-betean asmatu du pertsonaia hunkigarri eta xelebre honekin!

MUSIKA ETA IRUDIA, GOZAMEN ITURRI: Kapitulu bakoitzaren amaieran ez itzali telebista; kredituak sekulako artelanekin edertu dituzte. Marrazki hauen egileak dituzue jarraian: Christian Alzmann, Nick Gindraux, Doug Chiang, Ryan Church, John Park, eta Jama Jurabaev.

Eta musika? Ludwig Göransson konpositore suediarrak sortu du, eta emaitza bikaina iruditzen zait. Western giroan erabat sartzen gaitu, Star Wars-en soinu banda oinarri hartuta. Konpositore honek soilik 36 urte ditu, eta Fruitvale Station, Creed II, Venom eta Black Panther filmen soinu bandak egin ditu; hain zuzen, azken horrekin Grammy bat eta Oscar bat lortu zituen.

ONDOREN ETORRIKO DENA: Lehen denboraldiak bigarrena ekarriko du udazken honetan Disney-k baieztatu duenez; horrekin batera, Ewan McGregor aktoreak berriro gorpuztuko du Obi Wan Kenobi mitikoa, bere prekuela prestatzen ari baitira. Azkenik, Rogue One film bikaineko protagonista Diego Luna berriro sartuko da Cassian Andor pertsonaiaren larruazalean, telesail berri batean. Indarra zuekin izan dadila!