[Gomendioa] Phosphorescent - "Muchacho": Itxaropenerako bidea
![[Gomendioa] Phosphorescent - "Muchacho": Itxaropenerako bidea [Gomendioa] Phosphorescent - "Muchacho": Itxaropenerako bidea](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-phosphorescent-muchacho-itxaropenerako-bidea/@@images/7efb4e28-b7f0-4586-a56b-0c2d5a8991ee.jpeg)
Lehen abestia, Sun, Arise! (An Invocation) eguzkiari ongi etorria da, modu ezin epikoagoan, esan nahiko baligu bezala istant honetatik aurrera guztia hobeto joango dela, berriz hasi gaitezkeela. Testua irakurtzen jarraitu aurretik mesedez entzun abestia, hitzek ezin baitute helarazi behar bezala kantu honek bere baitan duen baretasuna.
Sentitu al duzu argitasuna? Itxaropena? Guztia hobetu daitekeenaren sentsazioa? Bada hau eta gauza gehiago eskaintzen ditu diskoak, entzunaldi bakoitzean aurkitzen joango zarena. Diskoa uda garaiko oporraldietan egingo genukeen tren bidaia modukoa da. Garai beltzak atzean utziko eta diskoak aurrera egin ahala, abesti bakoitza hobeto ezagutu nahiko duzun geltokia izango da.
Bertan aurkituko duzu folk-rocka, soft-rocka, hegoaldeko rock gozagarria eta baita bihotza apurtuko dizuten letrak ere. Entzun The Quotidian Beasts, liluragarria, maitasunez, sexuz, amorruz eta alkoholez betea. Ez bazaitu hunkitzen dirua itzuliko dizut.
Song For Zula ere ez da atzean geratzen, ahots hauskor batekin, lelo bakoitzaren bukaeran desagertzen dena, hunkiberatasun sotila du kantuak. Abestiak hazi egiten dira, zabaldu argia bezala egunsentian, baina neurritasunez, eta horrek egiten du diskoa maisulan. Itxaropena bai, baina hankak lurrean behar direla esan nahi baligu bezala: Moztu nire bihotza, baina azkar, ez dugu nahi minak asko irautea.
Izan ere, desamodiotik sortutako diskoa da, berriz ere etxean sentitzeko beharretik sortutakoa. Tristuran murgildu ordez ordea, Matthew Houck-ek itxaropenaren ardatzari heltzen dio. Ongi da, dena pikutara joan da, baina gaua noizbait amaituko da eta eguzkiak argituko du guztia berriz ere. Egunsentiak dirauen istant labur horretan bederen guztiak hasiera berri bat dirudi, eta horregatik hain justu hasierako sentsazio berdinarekin amaitzen du diskoa Suns Arising (a koan, an exit) abestiarekin.
Udako argi urrearekin gozatzen baduzu diskoa esperientzia are eta gogoangarriagoa izango da. Egainera letrei erreparatzen badiezu, dena ilun ikusten dugun garai hauetan, argia eta ilunaren arteko konbinaketa paregabea osatuko dute letra lazgarriek eta musika argitsuak. Gauzak datozen bezala hartu eta aurrera egitea gogorarazten digun mantra bikaina da diskoa.