[Gomendioa]: "Nevenka"
![[Gomendioa]: "Nevenka" [Gomendioa]: "Nevenka"](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-nevenka/@@images/87395b91-e544-464f-bbdb-1ce5a3059a71.jpeg)
Nevenka Fernandezek ekonomia ikasketak egin zituen, eta ia nahi gabe, masterra amaitzen ari zela sartu zen bere herriko udalean lan egitera, Ponferradako Ogasun zinegotzi moduan. 1999. urtea zen, eta garai horretan Ismael Álvarez PPko burua zen herriko alkatea. Bere lan taldean sartu zen Nevenka Fernandez; 25 urte zituen.
Hasieratik testuinguru horretan jartzen gaitu Newtral ekoizetxeak Netflixen estreinatu berri duen dokumental laburrak; baina aldi berean, egungo Nevenkarekin parez pare jarriko gaitu dokumentalak. Zer gertatu zen duela hogei urte eta nolakoa da trauma hori igaro zuen emakumea gaur egun? Galdera horiei erantzuten die dokumentalak, indarkeria matxistaren aurrean gizarteak izan duen garapena erretratatuz.
Ponferradako alkate ohiak eta garai horretan alderdian zeuden zinegotziek ez dute dokumentalean adierazpenik egin izan nahi, eta ez da harritzekoa; Ismaelek Nevenkaren bizitza infernu bilakatu zuen urtetan, baina honek aurre egitea erabaki zuen, salaketa publikoa ezarriz. Epaiketa gogorra izan zen Nevenkarentzat, eta Ismaelek pena minimoa jaso zuen, baina halere, Nevenkak historia egin zuen, Espainian indarkeria matxistarekin kondenatutako lehen politikaria bilakatu baitzen Ismael. Ez da gutxi, politikariak zuen boterea kontuan hartuta.
Nevenkaren kasua ezagutu ala ez, dokumentala ikustea gomendatzen dizuet, izan ere, gertaeren eta epaiketaren gainetik gizarte matxista eta misogino baten erretratu garbia egiten baitu. Ponferradako herritar gehienek eta Espainiako gizartearen zati handi batek alkatea babestu zuen, baita epaiketaren ondoren ere; Ismaelek behartuta dimititu bazuen ere, urtetara berriro aurkeztu zen, bost zinegotzi lortuz. Aldiz, epaiketaren irabazle suertatu zen arren, Nevenkak Espainia utzi behar izan zuen, atzerrira bizitzera joanez. Hogei urteren ondoren, atzerrian jarraitzen du, eta tarte horretan bere erasotzaileak ez du inoiz ere ez egindakoa onartu edota barkamenik eskatu.
Zorionez, egungo Nevenka pantaila aurrean agertzen denean, pantailari beldurrik gabe begiratuz eta duela hogei urteko zauri hori kostata baina ausardiaz irekitzen, gizarteak bere kasua beste begi batzuekin ikusten duela ohartzen gara. Berandu den arren, dagoeneko inork ez du Nevenkaren infernua ukatzen; #MeToo-aren garaiotan, Nevenkaren kasua inoiz baino garrantzitsuagoa da matxismoak gizartean egin duen min guztia ulertu eta geure itsutasuna onartzeko. Duela hogei urte gutxi batzuek babestu bazuten, egun gizartearen gehiengoaren babesa dauka. Eta hori bada zerbait, indarkeria matxistaren aurkako borroka oraindik luzea bada ere.
Hogei urte geroago, Ponferradak Nevenkaren omenezko murala margotu du, bere ausardia eskertzeko.