[GOMENDIOA] MODERNITATE LIKIDOA

[GOMENDIOA] MODERNITATE LIKIDOA Aspaldi abisatu zigun Zygmunt Bauman filosofoak mundua pikutara zihoala, baina zer zioen zehazki? Beharbada oraindik denboraz gabiltza. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-modernitate-likidoa/@@download/image/LAVANGUARDIA_G_4320057-kdbE-U4132136246178wE-992x558@LaVanguardia-Web.jpg
2019/04/04

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Aspaldi abisatu zigun Zygmunt Bauman filosofoak mundua pikutara zihoala, baina zer zioen zehazki? Beharbada oraindik denboraz gabiltza.
[GOMENDIOA] MODERNITATE LIKIDOA

Gure mundua kolapsatzear da. Horixe ari zaigu aipatzen planeta bera mugako tenperaturekin, adibidez 2050. urterako Australian ez da negurik existituko eta hartz polarrak Errusiako hainbat irletan azaldu dira euren jaioterriaren urtzearen erruz. Adibide hauek, hainbatetik hartutako bi lagin soil dira erakusteko likidotzen, zartatzen, birrintzen, txikitzen eta suntsiketarekin zerikusia duten beste hainbat jarduera burutzen ari garela gure inguruaren aurka, hau da, gure etxeari harriak botatzen gabiltzala alegia. Beste planetaren batera mugitu ahal bagenu ere zergatik utzi behar genuke hau erabat desegina?

Zygmunt Bauman-ek aspaldi aurreikusi zuen bere hainbat saiakeretan hondamendiaren hasiera. Bauman izan zen egungo gizarteak likido moduan teorizatu zituena. Likidoen ezaugarri berezia da jariakortasuna, atomoen banaketagatik gertatzen dena. Filosofo hau banaketa honek ekar ditzakeen arriskuei buruz hausnartzeari ekin zion.

Afektuari dagokionez, Baumanek dio solidotik likidorantz prozesu bat eman dela denboran zehar, apurka-apurka naturatik, komunitatetik eta gure lanetik banatzen joan garela. Baina beharbada, boterea nahi dutenek banandu egin gintuztela esan beharko genuke menpekotasunaren eta esplotazioaren bidez.

Horrek lehendik zeuden zartadurak zabaldu eta sakondu egin ditu, amildegi bihurtzeraino. Eta amildegi horietatik behera doa gure ustezko askatasuna. Baumanek dio kontsumo askatasuna, mugitzeko askatasuna, maitatzeko askatasuna, bozkatzeko askatasuna eta izateko askatasuna narriatzen ari direla egun gizartean, hain zuzen indibidualismo eta ekonomiaren liberazioarekin. Askatasun guzti hauek kolektiboaren ordez ordezkatu baitziren, indibidualismo hotzean.

Ezbaian bizitzera garamatza guzti honek: gure mantra da egunero azken eguna balitz bezala bizitzea, bukaeraren mugan baikaude zinez. Halere, amildegia begiratzen dugu baina bertigoak jada ez gaitu asaldatzen, erabat nahastuak gaude. Baumanek Liquid Modernity liburuan zioen jada ezin dugula jakin zerk nahasten gaituen benetan eta horrek gure ekintza ahalmena mugatzen duela:

“Pauta eta konfigurazioak jada ez daude determinatuak eta ezin dira aurretiaz inolaz ere iragarri, gehiegi daude, elkarrekin talka egiten dute eta euren aginduak kontraesanean erortzen dira.”

Horrela, gertatzen denaren ardura guztia geurea da soilik: gizartearen porrota indibiduoaren errua da. Horregatik, geroz eta pertsona gehiago saiatzen dira gizateriaren norantza galdua aldatzen. Ikusi Greta Thunberg nerabea sinbolo duen klima aldaketaren aurka sortutako mugimenduak. Ekintzaile isolatuetan bilakatzen dira ordea, ez baitute aurkitzen non sortu komunitatea. Eta hementxe dago paradoxa, egungo gizarteak dituen arazoak ezin baitira harreman eta sareak irun gabe konpondu.

Arazo honek ez baitu irtenbide bakarra. Baumanek modernitate likido honen antonimoak zirela irtenbidea uste zuen. Hau da, indibidualismoaren aurka, ekintza kolektiboa. Amildegiaren aurka, pausu irmoa. Likidoa gainezka dagoenean, espazio solidoak eraiki. Ikusezina dena ikusgarri egin, finean.

Baumanek ordea ez zituen formula magikoak edota irtenbide errazak ematen. Beharbada guk pentsatzen dugunak baldintzatzen baitu irteera eta etorkizuna egotekotan partekatua izan behar luke, modu kolektiboago batean pentsatzen hasi, modu solidario eta enpatikoagoan, naturarekiko harremana berreskuratuz. Dena has liteke elkarrizketa soil batekin:

“Elkarrizketarik gabe ez goaz inora. Mundu kaotiko batean bizi gara, desordenatuan eta desastreari izkin eginez bidea ibiltzeko modu bakarra besteekiko harremanen eta elkarrizketa ADIMENTSUEN bidez da.”

Gizartea geroz eta likidoagoa da eta likido hori geroz eta pozoitsuagoa. Horregatik da ain beharrezkoa Liquid Modernity bezalako saiakerak irakurtzea, Itxurakeriaren garaian, bihotzetik ateratako hitzak zein arma indartsua diren jabetzen laguntzen baitute. Behin gure ondokoak ere gure kezka berberak dituela konturatzen garenean sortuko baitugu gure nortasunen baturekin amildegitik urruntzeko mapa. Bazatoz?