[Gomendioa]: 'Midnight Diner: Tokyo Stories'

[Gomendioa]: 'Midnight Diner: Tokyo Stories' Gastronomia japoniar tradizionala izan daiteke Tokio hiriko biztanle bitxi eta eklektikoenak ezagutzeko bidea; lorik egiten ez duen hirian, Maisuaren eta bere miso zopa famatuaren bitartez, jatetxe txikia bisitatzen duten gautxoriak ezagutuko ditugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-midnight-diner-tokyo-stories/@@download/image/midnight-diner-tokyo-stories-shinya-shokudo-netflix-1.jpg
2020/09/18
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gastronomia japoniar tradizionala izan daiteke Tokio hiriko biztanle bitxi eta eklektikoenak ezagutzeko bidea; lorik egiten ez duen hirian, Maisuaren eta bere miso zopa famatuaren bitartez, jatetxe txikia bisitatzen duten gautxoriak ezagutuko ditugu.
[Gomendioa]: 'Midnight Diner: Tokyo Stories'

"Jendeak egunarekin amaitu eta etxera presaka itzultzen den unean hasten da nire eguna. Nire jatetxeak gauerditik goizeko zazpiak bitarte irekitzen du. Eta, ba ote dut bezerorik? Galdetuko didazue. Bada uste duzuena baino gehiago". Erlojuan gaueko hamabiak jotzearekin batera irekitzen du Maisuak bere jatetxe txikia. Tokio hiri erraldoi eta kaotikoaren bihotzean kokaturik, langile, taxista, mozkor, porno aktore eta bestelako gautxori eklektikoen aterpe kuttunena da. Plater bakarra du menuan; miso zopa. Baina eskatuz gero, eta osagaiak bertan baditu, Maisuak edozer kozinatuko dizu.

Halaxe hasten da beti Midnight Diner: Tokyo Stories telesaila. Kasualitate hutsez Netflixen topatu nuen, eta sekulako perla iruditu zitzaidan; Maisuaren jatetxea hain da txikia, soilik zorionekoek ezagutzen dutela. Kapitulu bakoitzean Maisuaren gastronomiaren harribitxi berri bat ezagutuko dugu, eta horrekin batera, bere bezeroen bizitza bitxiak deskubrituko ditugu. Telesaila ez dago itzulirik, eta eskerrak; ezinbestekoa da japoniarrez ikustea pertsonaien izaera sakonean ezagutzeko.

Maisuaren jatetxea txikia da, eta ez du mahairik; soilik barra karratu bat du, bera erdian zutik eta bezeroak ingurua eserita aurkitzen direlarik. Hala, ezinbestean haien artean mintzo dira bezeroak, eta hortxe sortzen dira gaueko istorio bitxiak; garagardoa eta sakea txutxumutxuekin elkarbanatuz.

Maisuaren jatetxeko bezeroen istorioak munduko edozein gizabanakoen antzekoak dira, eta horrexegatik dira bereziak. Tokio hiri erraldoia da, eta bertako biztanleak txikiak dirudite, inurriak bezala. Baina jatetxe honetan, handi bilakatzen dira, kapitulu bakoitzeko protagonistak. Inoiz gauez lo egin ezinik bazabiltzate, batu zaitezte Maisuaren mahaian, eta gozatu istorio gastronomiko bikainez. On egin! Doozo meshiagatte kudasai!