[Gomendioa] Mark Lanegan-ek utzitako legatuaren zenbait harribitxi
![[Gomendioa] Mark Lanegan-ek utzitako legatuaren zenbait harribitxi [Gomendioa] Mark Lanegan-ek utzitako legatuaren zenbait harribitxi](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-mark-lanegan-ek-utzitako-legatuaren-zenbait-harribitxi/@@images/376f0cb8-a814-4cbd-a14b-00ce38f9563e.jpeg)
Ahots sarkorreko musikariak ia lau hamarkadako ibilbidea izan du musikan eta bakarka zein beste artistekin kolaborazioan maisulanak oparitu dizkigu. Screaming Trees deitutako taldean egin zuen debuta 1985ean, grunge mugimenduaren ordezkarietako bat bilakatuz, beste izen ezagunagoen itzalean bada ere.
Ordutik, hainbat proiektutan hartu zuen parte; bere ahots lodi eta identifikagarriak edozein abestiri nortasuna esleitzen ziolarik, ezinbestean. Oholtzan ere, bere estilo dotoreak agertokiko txoko guztiak betetzen zituen. 2015ean Bilboko Kafe Antzokian hori frogatzeko aukera izan nuen.
Oraindik ere, bere kontzertu eta disko gehiagoz gozatzeko aukera izango nuela uste nuenez, arraroa iruditzen zait argitalpen honetan bere ibilbide oparoan zehar oparitu dituen lanen artetik, nire disko kuttunen zerrenda egiten egotea. Lagun bat galdu banu bezala sentitu nintzen albistearen berri izan nuenean.
Oharra: Zerrenda honetan bere hainbat obra garrantzitsu kanpoan geratu dira, besterik gabe, nire belarriek gehien entzun dituzten zenbait disko eder aipatzen baititut. Milesker guztiagatik Mark eta bidaia on!
Mark Lanegan - Whiskey for the Holy Ghost (1994)
Rock doinuetatik apur bat aldenduz, min eta porrot istorioak kontatzen hasi zen disko honetan. Bere ahotsaren ahalmenaz ohartu balitz bezala, honi protagonismoa eman zion, nire arima -eta beste askorena- erabat konkistatuz. Ez da bere lanik borobilena, baina ondoren iritsi ziren maisulanak lan hau gabe ez ziren existitu ere egingo.
Queens Of The Stone Age - Songs For The Deaf (2002)
Hau ez da Lanegan-en disko bat, baina bere kolaborazioa horren da azpimarragarria da, ezin nuela aipatu gabe utzi. Josh Homme buru duen taldearen hirugarren disko hau, zaleen kutunenetakoa da eta bertan, Lanegan-ek, taldekideekin batera, bost abesti idatzi zituen eta bere ahotsa Hanging Tree bezalako abestitzarren mesedetan jarri zuen. Bera gabe disko hau ez zatekeen berdina izango.
Mark Lanegan Band - Bubblegum (2004)
Bubblegum diskoa bere harribitxi eztabaidaezina dela diote askok. Lizunkeria, nostalgia eta amorruz betetako abesti hauetan Joshua Homme, Nick Olivery, Greg Dulli (Afgan Whings) eta PJ Harvey, besteak beste, entzun litezke zenbait abestitan. Horrela edozein maitemintzen da!
The Gutter Twins - Saturnalia (2008)
Lanegan eta Afghan Whings talde bikaineko Greg Dulli-k indarrak eta talentua bateratu zituzten proiektu ezin interesgarriago honetan. Elkarrekin urteak kolaboratzen egon ondoren denbora kontua zen proiektu bateratu bat argitaratzea. Post-grunge estiloko disko ilun bikaina oparitu ziguten.
Mark Lanegan Band - Blues Funeral (2012)
Elektronikarekin jolasten hasi zen disko honetan Lanegan. Bertan bateria elektronikoak, sintetizadoreak eta loop-ak aurkitu daitezke blues-rock ilun bezain berezi hau osatzeko. Hori bai, beti ere, bere ahots itzelari protagonismo erabatekoa emanez, ezin bestela.