[Gomendioa] JP Lohian eta Klonen Klana

[Gomendioa] JP Lohian eta Klonen Klana "Alperrik Da Apaintzea", "Ez Eguna", "Beldurra", "Kantu Itsaskorra"... ez dira gure konfinamendua deskribatzen duten hitz soilak, Joseba Poncek (Dut, Kuraia) 2015ean JP Lohian eta Klonen Klana izenarekin argitaratu zuen diskoko abestiak dira. Poncek bost urte lehenago aurreikusi zuela konfinamendua dirudi. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-jp-lohian-eta-klonen-klana/@@download/image/jp-mailing-goiburu.jpg
2020/04/28

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

"Alperrik Da Apaintzea", "Ez Eguna", "Beldurra", "Kantu Itsaskorra"... ez dira gure konfinamendua deskribatzen duten hitz soilak, Joseba Poncek (Dut, Kuraia) 2015ean JP Lohian eta Klonen Klana izenarekin argitaratu zuen diskoko abestiak dira. Poncek bost urte lehenago aurreikusi zuela konfinamendua dirudi.
[Gomendioa] JP Lohian eta Klonen Klana

Ez dakit etorkizuna ikusteko ahalmena ote duen musikariak, argi dagoena da euskal eszenako diskorik bikainenetako bat argitaratu zuela urte hartan. Horretarako, bere buruaren klonak sortu zituen. Berak jotzen ditu diskoko instrumentu guztiak, melodiak nagusi diren diskoan, pop ilun bezain zirraragarri bat eskainiz.

Berak aipatu izan du elkarrizketetan autodidakta dela, 16 urterekin erosi zuen lehen bateria eta 18rekin Dut taldean baxua jotzen hasi zen. Ez omen du instrumentu bakar bat ere guztiz menperatzen baina defenditzen omen dela. Defenditu dio! Berezko sena duenak argi dago ez duela solfeorik behar!

Hori dela eta, pausu logikoa zen azkenik, bakarka zerbait grabatzera animatzea. Baina ez grabatu bakarrik, Ponce marrazkilaria ere bada eta diskoko diseinua eta Alperrik Da Apaintzea bideoklipeko animazioak ere berak sortu ditu. Erabat da bakarkako lana hau. 

Pop iluna aipatu dut, eta hori ederki islatzen du Kantu Itsaskorra abestiak, bere hardcore eta punk iragana melodietan ezkutatuz. Garrasiak kantuek helarazten duten ateratzear dagoen amorruan soilik nabaritzen dira, eta aski da hori entzulea hunkitzeko. Abestiak sotilak dira, dotoreak. Entzutean hiri gris bat irudikatzen dut, fabriken kez ilundua eta kale zikin horietatik ibiltzen norbait lasai, besteen mugimendu frenetikoekin bat egiten ez duen erritmoan. Hori da disko hau. Bere erritmo propioa du eta horregatik da hain erakargarria.

Alabaina, bere iragan rockeroagoa azaltzen da noizean behin Lobby hilobi bezalako abestietan. Iturri ugaritatik edaten baitu Pocek: aipatutako rocketik, popetik, psikodeliatik, punketik... baina lanak koherentzia mantentzen du hala ere, oreka zinez pertsonalean. 

Sintetizadore eta teklatuak ere leku nabarmena dute diskoan, batez ere Profanazioa bezalako abestietan. Horrela, teklatuen bidez abestiek beste dimentsio bat hartzen dute, helarazi nahi duen koherentzia hori emanez, abesti guztiak elkarrekin itsatsiko balitu bezala.

Entzunaldiekin hazten den diskoa da hau. Izan ere, hit moduan nabarmendu daitekeen abestirik ez dago, guztiak baitira kalitatezko abestiak. Nire ustez, hau da disko batez esan daitekeen onena. JP Lohianen lehen lana (espero dut azkena ez izatea) detailez beteta dago, abesti guztiek dute zerbait eta apurka apurka hauen erraiak ateratzen doa entzulea, bereak aztertzen dituen bitartean. Harribitxi bat.