[Gomendioa] 'I May Destroy You ': Tinder belaunaldiko sexu-adostasunari buruzko erradiografia aparta

[Gomendioa] 'I May Destroy You ': Tinder belaunaldiko sexu-adostasunari buruzko erradiografia aparta Ziurrenik oraindik entzun ez duzun arren apuntatu ongi bi izen hauek: ‘I May Destroy You’ telesaila eta bere sortzaile eta protagonista nagusia den Michaela Coel. Aktoreak berak jasan zuen sexu-eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzko kontakizun paregabea iruditu zait. Tinder belaunaldiko sexu-adostasunari eta harremanen merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-i-may-destroy-you-tinder-belaunaldiko-sexu-adostasunari-buruzko-erradiografia-aparta/@@download/image/cw-45146.jpg
2020/08/26

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Ziurrenik oraindik entzun ez duzun arren apuntatu ongi bi izen hauek: ‘I May Destroy You’ telesaila eta bere sortzaile eta protagonista nagusia den Michaela Coel. Aktoreak berak jasan zuen sexu-eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzko kontakizun paregabea iruditu zait. Tinder belaunaldiko sexu-adostasunari eta harremanen merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta.
[Gomendioa] 'I May Destroy You ': Tinder belaunaldiko sexu-adostasunari buruzko erradiografia aparta

Kulturaren barruan #MeToo mugimenduko erreferenteetako bat bihurtu den pertsona da Coel. Ghaniar jatorriko emakume honek 28 urterekin idatzi eta protagonizatu zuen Chewing Gum telesail entzutesua, Londresko areto txikietan sekulako arrakasta izan zuen bere antzezlan baten egokitzapena dena, Chewing Gum Dreams. Neurri batean, bere ibilbidea, Phoebe Waller-Bridge-renarekin alderatu daitekeen arren –gidoilari, zuzendari eta aktore lanak uztartzen dituelako beti ere genero ikuspegiari indarra emanez– Coel Fleabag-en sortzailea baino askoz politikoagoa dela uste dut.

Tinder belaunaldiko sexu-adostasunari eta harremanen merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta eraikitzea lortu du bere obra eta hitzaldietan, eta aipatzen ari naizen telesail berezi honetan ere hori lortu du. Bere proiektuak eremu oso pertsonaletik eraikitzen dituen pertsona izanik, erraietatik loratzen zaizkion bizipenak helduleku gisa erabiltzen ditu, ikuspuntu errealista eta berritzailea osatzeko. 2018an, Chewing Gum telesailean gidoilari gisa lanean ari zela adibidez, sexu abusuak jasan zituela salatu zuen aktoreak. Edinburgoko jaialdian eman zuen hitzaldi batean, Coel-ek testuinguruan jarri zituen sexismoa eta ikus-entzunezkoen industrian berezkoa den arrazakeria. Zaplazteko galanta eman zion autokonplazentziazko britainiar industriari, eta bere lankide ohi askori. Hori gutxi balitz, gaueko klub batean sexu erasoa jasan ondoren, bizitza aldatu, gertatutakoa onartzeko borrokan bere burua aurkitzeko bidaia hasi eta hortik sortu zuen I May Destroy You telesaila. Bera, trauma bat baino askoz gehiago dela frogatu nahi duen kontakizun desberdina eta iraultzailea.

Zentratu gaitezen beraz telesailean. Nabarmentzekoa lehenik, hasieratik erakusten duen ausardia ikaragarria. Askok polemikotzat edo asaldatzailetzat jo dute dagoeneko, ziurrenik gizarte gisa erabat prestatuta ez daudelako gai horiei buruz hitz egiteko. Harrigarria iruditu zait beharrezkoak diren gai ugari nola jorratu dituen, gizonen zein emakumeen aurkako sexu-indarkeria islatzen duten azpitramak txertatuz; trauma-osteko sindromearen normalizazioa, gehiago entzuteko beharra duen belaunaldi baten gizarte-isla leiala, arrazismoa, transfobia, homofobia, suizidioa,  depresioa, baina figura arrakastatsuen bidez azalduz, bakardadea eta noski gero eta polarizatuagoa den mundu batean geure lekua edota izena sortzearen nahiak sortzen duen antsietatea.

Lehen atala bakarrik ikusten baduzu, telesailak gau hori berrosatzea eta eraso hori nork eta nola gertatu zen, edo benetan gertatu ote zen aurkitzea bilatzen duela pentsa dezakezu. Thrillerra ukituak izango dituela ere irudikatu dezakezu. Ahaztu premisa hori mesedez. Trama ez baita zuri-beltzean mugitzen, dinamika berrietan, grisean baizik. "Bizitza betiko hondatu zidan sexu-erasoa" baino askoz gehiago oihukatzen ari den telesaila da; izan ere, ez da draman bakarrik kokatzen, protagonistaren handinahian baizik, haren umorean eta batez ere trauma osteko estresaren nahasmenduan. Bizitzaz dihardu, baina bizi dugun errealitate berriaren betaurrekoetatik, sare sozialez eta sexuaz.

Telesaila gainera, ez da abusu bakar batean zentratzen. Helburua ez da soilik errudunak seinalatzea, hori jasaten duten pertsonen sentimenduak ikusleari ulertarazten saiatzea baizik. Pertsonaiek ñabardura ugari dituzte, bat ere ez da perfektua eta denek gauza kritikagarriak egiten dituzte noski; abestien soundtrack-a (gehienak elektronikoak) zoragarria da; eta zer esan argazkia eta argiztapenari buruz, non koloreek modu bikainean laguntzen dioten kontatzen ari denari.

Umore ukituak izateak ere apur bat deskolokatu egiten gaitu hasieran. Drama txertatzen den unean, zer gertatzen ari den oso ondo jakin gabe sartzen gara Coel-en mundu berezian, Arabellaren ikuspuntutik ikusita noski. Batzuetan, umore makabro baina zorrotza du. Beste batzuetan bizitzaren aldeko aldarriak jaurtitzen ditu. Eta gu, ikusleok, deseroso sentiarazten gaitu. Izan ere, telesaila deserosoa da kontzienteki, baina zehatz-mehatz galdetzen digu zerk molestatzen gaituen, zenbateraino babesten ditugun pertsonaien posizioak eta zer egingo genukeen guk une jakin horretan.

Sexu-hezkuntzako klaseetan jarri beharko litzatekeela iruditzen zait. Deserosoa eta gogorra izan arren, beharrezkoa da bertan planteatzen zaizkigun gaiei heltzea eta gogoeta sakona egitea. Zergatik ez.

Aste honetan bertan eman dute 12. eta azken atala, eta esan dezaket zalantza izpirik gabe, 2020ko telesail onenetarikoa dela.

Non ikusi? HBO plataforman