[Gomendioa]: 'Homemade'

[Gomendioa]: 'Homemade' Zertan igaro ote dute konfinamenduko denbora zinemaren munduko egileek? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-homemade/@@download/image/hecho-en-casa-homemade-netflix.jpg
2020/07/08
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Zertan igaro ote dute konfinamenduko denbora zinemaren munduko egileek?
[Gomendioa]: 'Homemade'

Emazkiozu haur bati munduko jostailu guztiak, eta bilduta zeuden kartoi kaxarekin jolasten amaituko du. Kendu jostailuak, eta berdin jolastuko du, dela lurrean topatu dituen makil, harri eta hostoekin, xomorroekin, buztinarekin edo eskura duenarekin. Jolasaren arrakasta irudimenak baldintzatzen du, ez horretarako erabili den elementuak. 

Irudimena astintzeko ez dago asperdura bezalakorik, eta hori ondo dakite sortzaileek. Horregatik, pandemiak eragindako itxialdia ezin hobeto probestu dute artistek, tartean, zinemagileek. Netflixen estreinatu berri duten Homemade pieza laburren bilduma harribitxi bitxia da; minutu gutxiko iraupena duten pieza hauetako bakoitza originala eta independentea da bere horretan, munduko zuzendari, aktore, gidoigile eta argazkilariek bakoitzak bere etxeko konfinamenduan eta eskura zituen elementuekin osatua.

COVID-19a beti protagonista ez den arren, itxialdia aitzaki dute film labur-laburren bilduma honetako istorio guztiek. Luxuzko zuzendariak bildu dira proiektuan, hala nola, Ladj Ly, Paolo Sorrentino, Rachel Morrison, Pablo Larrain, Rachel Morrison, Rungano Nyoni, Natalia Beristain, Sebastian Schipper, Naomi Kawase, David Mackenzie, Maggie Gyllenhaal, Nadine Labaki, Khaled Mouzanar, Antonio Campos, Johnny Ma, Kristen Stewart, Gurinder Chadha, Sebastián Lelio eta Ana Lily Amirpour. Guztira 17 istorio, 17 ikuspegi eta 17 konfinamendu ezberdinetan sortuak. 

Istorio ederrak dira, egile hauetako bakoitzak bere mundu intimoenera bidaiatzeko gonbita luzatzen digulako; beren etxeak ikusiko ditugu, baina baita beren senideak, beren ametsak, konfinamenduak eragin dizkien hausnarketak, irudimen primitiboenetik sortutako umorea, drama, bakardadea... zinemaren esentziaren lurrina daramaten mikro istorioak, elementuz soilak eta esanahiez apainduak. Bizitzen suertatu zaigun urte zoro honen adierazle bihurtu diren ikus-entzunezko opariak. Denak ikustea gomendatzen dizuet, bonboi kaxa bateko gozo guztiak dastatuko bazenituzte bezala, eta ondoren, zuen gogokoena aukeratu, eta berriro ikusi. On egin!